i egun barru hasiko da EAEn hauteskunde kanpaina, modu ofizialean hasi, zeren, nire ustez, hasi, hasi, pasa den astean hasi baitzen Revilla eta Urkullu jaunek antolatu zuten (nola deitu?) show, ikuskizun, arlotekeria, performance (tira, izan gaitezen neutralagoak) ekitaldi harekin. Urkullu jaunaren irudi serio demonioa betirako zikinduta atera zen, nire ustez berriro ere, Espainiako Erresumak duen bufoi handienatakoarekin izandako harreman arriskutsuetatik. Lasai egon zaitezkete, izango du lehendakariak irudia garbitzeko abagunerik hurrengo egunetan, ez badu jadanik garbitu.

Zer beharra? Galdetu nion nire buruari ospetsu bilakatu den argazkaiari begira (Aserejé, Macarena, Pajaritos...). Eta une batez pentsatu nuen horrelako irudia, horrelako ekitaldia, horrelako guztia pentsaezina izango litzatekeela han, Salvador Espriu poeta katalanak irudikatu zituen iparraldeko herri garbi, ikasi, aske, benetan serio eta zorionez aspergarri haietan. Espainiako Erresuman hauteskunde kanpainetan inaugurazio sukarra hain zen handia, ezen lege bat egin bai-tzuten inaugurazio horiek debekatzeko, beraz, orain biribilguneak, alarma egoeraren amaierak eta horrelakoak hauteskunde kanpainak hasi baino apur bat lehenago inauguratzen dira.

Zer beharra? Eta ene barneko errealistak erantzun zuen: "Boto beharra". Politikariek botoak behar dituzte; eta boto horiek lortzeko edozer egiteko prest daude. Normala da, jakina, kontrakoa bitxia izango litzateke. Horregatik egoera barregarrietan ikusten ditugu maiz (meritua ere badu horrek), edo konpainia xelebreekin (nor Revilla baino xelebreago?)

Argi dago EAJk boto guztiak behar dituela, ez gutxi dituelako, baizik eta sozialistekin duen koalizioarako gehiengo osoa nahi duelako (oso leku erosoak dira gehiengoak, batez ere murrizketan egiteko). Oraindik dut gogoan zer-nolako garrantzia ematen zioen botoei Arzalluz jaunak, ez ehunekorik, ez eserlekurik, ez beste kontsideraziorik, botoak, banan-banan zenbaturiko botoak dira botere politikoaren oinarririk sendoena. Eta Urkullu botoak lortzeko elkartu zen Revillarekin. Gustu hartu al dio antzerkiari?