Zaila da oraintxe bertan gertatzen ari denari buruz iritzia ematea, dena aldatzen baita azkarregi, igande gauean egia zenak astelehen goizean ez zuen ezertarako balio. Zaila da, era berean, eta arrazoi berberagatik, deskribapen hutsa egitea ere, denak hartu baitu abiadura benetan handia. Lerrook idazten ditudan bitartean jakin dut ez dudala aste honetan Anjel Lertxundi ikusi eta entzuteko paradarik izango, Gasteizko gizarte-etxe guztiek bertan behera utzi baitute programazioa. "Denbora gehiago izango dut liburua amaitzeko", pentsatu du nire alde baikorrak; "gero eta itxura txarragoa du honek", pentsatu du nire alde ezkorrak.

Kontu bitxiak badira, dena den: telelana, adibidez. Orain dela gutxi arte susmagarria zena, etxean lan egitearen zera hori alferren asmakizuna zirudien, funtzionarioena eta horrelako jendilajearena, arazo guztien irtenbide bilakatu da bat-batean, baina zenbatezinak dira etxetik egin ezin diren lanak, ez gara hain moderno, barkatu.

Beste bat: badirudi pozgarria dela zaharrenak eta gaixoenak hiltzen ikustea. Guztioi ahantzi zaigu urteak beteko ditugula aurrerantzean ere eta beste gaixotasunak, betikoak, ez direla amaitu.

Profetak: mota guztietakoak. Guztiok hilko garela aldarrikatzen dutenak, beldurra zabaltzen dutenak, bai, edo konspirazioen aldekoak, baina baita koronabirusarekin amaitzean (sic) gizarteak, mundu osoak izango dituen aurrerapen edo hobekuntzak aldarrikatzen dituztenak ere: badirudi etorkizun balizko horretan guztiok izango garela gure mugez kontzienteagoak, gure arteko zaintzak hobeagoak izango direla, gutxiago lan egingo dugula (eta etxetik) eta kapitalismoa aldatu, berrantolatu, birfundatu eta humanoagoa izango dela. Eta norbaitek Decameron zoragarri bat idatziko duela. Eta krisi garaietan gure baitako onena ateratzen dugula. Eta abar.

Nik ez dut uste oraingoa bezalako osasun larrialdiak gure onerako direnik, inondik ere ez; nire alde baikorrari gaineratzen zaio alde ezkorra, uste dut krisi garaietan gure baitako txarrena ateratzen dela maizago, eta "hau bukatzen denean" mundua ez dela leku zoriontsuago bat izango. Sentitzen dut.