whatsappez dut bideoa. Hesi zuri bat pintatzen ari dira. Kamiseta txuri-urdina daraman mutikoa, hesia urdinez pintatzen eta kamiseta zuri-gorria daraman neskatoa, hesia gorriz pintatzen. Elkarrekin hizketan eta jolasean ari dira; elkarren artean zeintzuk ezberdintasun dituzten deskubritzen. Hizkuntza ezberdintasunak, alegia. Batek "korrikan egin" esaten duen lekuan, besteak "arineketan egin" esaten du; batek "berakatza" erabiltzen duen lekuan, besteak "baratxuria" erabiltzen du; edota batak "olagarroa" aipatzen duenean, besteak "hamarratza" esaten dela adierazten du. Era batera, zein bestera, euskaraz bizi direla esatera dator bideoa, euskarak batzen dituela. Neska-mutikoen bila gurasoak etor-tzen zaizkienean, nork bere hizkeran egiten du agurra baina elkarrekin abiatzen dira: Erreala eta Atheltic euskararekin bat datozela ageri da, euskarak batzen dituela. Bideoaren hondarrean, ekimen hau Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek babestu dutela ikusi ahal da. Pozarren hartzen du batek tankera honetako ekimen batean ustez, itxuraz, antza denez, bakoitza bere aldetik ari diren Aldundiek, noizbehinka BAT egiten dutela ikustea. Lan-lerro amankomunak dituztela jakinik, hauetan, BAT eginda dihardutela antzematea. Euskaraz gain, beste hainbat eta hainbat ekinbidetan egin lezakete BAT bi Aldundiek, edo hiru Aldundiek edo lau Aldundiek ez batzen gaituzten elementuak gehiago direlako bakarrik baizik eta elkarrekin BAT eginda dihardugula sentitu beharra dugulako baizik Errege Kopako lehian ere horixe eskatuko nieke bi taldeei eta berauen jarraitzaileei. BAT garela senti eta erakuts dezatela, nahiz eta bakoitzak bere kamiseta jantzi. Zeren eta garrantzitsua da bakoitzak bere kamiseta sentitzea eta busti-tzea. Baina are garrantzitsuagoa da kolore ezberdinetako kamiseten gainetik, elkarrekin zer egiten eta zer lortzen dakigun sinestea eta erakustea. Benetako indarra eta diferentzia hortxe baitago, kamisetaren marra amankomunari batzuk txuria eta besteek zuria deitu arren.