Ikertzaile asko dira mundu mailan bortxarik gutxieneko aroan bizi garela ondorioztatu dutenak. Ez dute halako irudipenik izango Sirian, Afganistanen, Camerunen, Mozambiken, Mendebaldeko Saharan, Yemenen, Donbassen, Ukrainan edo beste hainbat gatazkagunetan bizi diren herritarrek, ezta beste bortxa-modu batzuk pairatzen dituztenek ere: terrorismo lokala, pobrezia, genero desberdinkeria, sexu-jazarpena... Gu, ostera, geure makurrean, inarrosaldien tarifa laua kontratatuta geneukala pentsatzera iritsi ginen. Bi urtez konpasa aldarazi digun mundu mailako pandemia gainditzen hasiak ginela uste izatera iritsi garenean, Errusiaren inbasioak astindu du ludia. Gerra-ekonomiaz mintzatzera iritsi zaizkigu azken boladan zenbait agintari. Egoera historiko bereziki zail eta gatazkatsuen aurrean hartu beharreko neurri sortari deitzen zaio gerra-ekonomia. Horrek etxeetako energia-kontsumoa doitzea esan nahi du, besteak beste.

Zer erremedio! Gasaren fakturak dardarka utzi gaitu familiarik gehien-gehienak, hirukoiztu egin da. Termostatoa pare bat gradu jaitsi eta berogailuen erabilera-orduak murriztu beharko. Eta dutxa hotza hartu. Arraioa, ura benetan hotz dator gero! Hotza ez, motza hartuko dugu oraingoz, ea zer gertatzen den hurrengo bihilekoan.

Zer emango ote lukete benetako gerra bizi duten horiek dutxa hotz bategatik! Sagar bategatik; ohean lo egin ahal izateagatik; senarra, emaztea, aita, ama, aitona-amonak, seme-alabak, bilobak besarkatzeagatik; ondo daudela jakiteagatik; infernu hau laster bukatuko dela eta beren jatorrizko lurrean bizitza duina izatera iritsiko direla amets egiteagatik; biharko egunsentia ikusteagatik..