arremanak inpertsonalizatzen ari gara egunez egun. Maskara mozorro bihurtzen da, ezkutaleku askorentzat. Pandemiak etxetik lan egitera behartu du jende asko, milaka ikaslek eskola presentzialik ez zuten izan lehen olde hartan, ordenagailuaren bidez iristen zitzaizkien maisu-maistren irakaspenak eta ikaskideen feedbacka. Oraindik ere hainbat arlotan geure onera etorri gabe jarraitzen dugu; medikuari begietara begiratzea, esate baterako, pribilegio mikatza da, makurren daudenei erreserbatua, eta hainbat erakunde, elkarte eta enpresarekiko harremanak mundu birtualera mugaturik geratu zaizkigu.

Gure seme-alabentzat ohikoa bezain naturala da izapideak eskuko telefonoaren bitartez egitea, horretarako behar den formazio eta informazioaren jabe dira. Pello Arantzazun bezain eroso ibiltzen dira webgune eta aplikazioetan, di-da batean aurkitu eta betetzen dute behar duten oro. Alabaina, baliabide guztiak ezin dira digitalizatu erabiltzaileak oro hackerrak balira bezala. Aitona-amonak ikusi izan ditugu anbulatorioko ateraino joan eta harrerako beharginei erregu egiten. Eta nik astero sumatzen ditut frontoietatik gero eta urrunago dauden zinezko pilotazaleak, kanporatu egin dituztela sentitzen dutenak.

Badira aurrerapen guztiez haserretzen diren herritarrak, nolanahikoak eta zernahitarakoak izanik ere. Gehienak, nire irudiko, norbere ahal eta baliabideen araberako esfortzua egiteko prest egoten dira, baina sekula guztian gauzak buruz edo paper eta arkatzez egiten ohitu den adineko pertsonari ezin zaio gaitasunik eskatu ordenagailuz edo mugikorrez soilik egin daitezkeen gauzetarako. Pilotalekuz pilotaleku hamarkadak daramatzan zalea, oraindik ere gustura joango litzatekeena, ezin da etxeko sofan geratzera kondenatu, zergatik eta sarrerak eskuratzeko modu bakarra Internetez erostea delako. Astero gertatzen ari da.