hirugarren urtez egin zuten atzo Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan Aspanogi elkartearen aldeko zesta punta jaialdia. Goazen telesaileko lau aktore-dantzarik eta Txurru dj ezagunak girotutako ikuskizunean, Egiguren-Lopez bikote indartsua lehen kinielan kanporatuta geratu zen. Azken partidatxo erabakigarrian hutsaren faltan izan ziren Olharan eta Minvielle, baina Goikoetxeak eta Urtasunek eskuratu zuten garaipena, kintze bakar batez. Haur minbizidunen familiek ere azken tantora arte lehian jarraitzeko borondate eta erabakitasuna erakusten dute. Hil edo biziko borrokan diharduen txikia ahalik eta gehien babestu, lehia mozorrotu jolasa balitz bezala bizi dezan, estimulatu, irri eginarazi, goxatu, arnasa eman... Edozein huskeriak gaitu trenputxartzen, ez dugu belarriko edo hagineko minik behar izaten, sabeleko nahiez txiki bat aski. Ahulak eta kexatiak izaki. Geure ahuldadetik are miresgarriagoa begitantzen zaigu lurrean ia ageri ez-eta gaitz madarikatu horri begietara begiratu eta, burua goian, bizitzari lapa bezala erantsita eusten dioten haurren kuraia. Eta familiena. Eritasunaren aurka jo eta su diharduten batzuk bildu zituen atzoko hitzorduak, gaitza atzean utzi duten batzuk ere bai. Eta haiekin batera bazen minbiziak etxeko txikia ebatsitako familiaren bat ere. Ileak lazten ditu elkartasun horrek, gutariko edozeinek haien arnasa beharko balu beti hor egongo direla sentitzeak, hizkuntza, arraza edo bestelako bereizketarik egin gabe. Minean irri egiteko gai diren horiei, mila pott eta besarkada amaigagabe bat.