Zerbaitetan huts egin izango du, hain segur, Evo Moralesek. Edo ez. Haren “hauteskunde iruzurra” nork eta nola “frogatu” eta baliatu duen ikusirik, zalantza egitea saihetsezina da. Jeanine Áñez andrea da presidente berria, armadaren indarrez eta bere harrokeriaz. Ezabatu ditu boliviar indigenez duela zenbait urte eginiko txioak, baina beti uzten da arrastoren bat. Aymara indioen urte berriko ospakizunez erdeinuz beteriko mezua zabaldu zuen: “Qué año nuevo aymara ni lucero del alba!! Satánicos, a Dios nadie lo reemplaza!!” Kristauen urte berriaren bezperan, aldiz, destaina darion beste hau: “Y a los que celebran el año nuevo aymara en no sé qué mes, no los quiero ver borracho mañana diciendo: feliz año nuevo”. Indigenekiko gorrotoa eta ezinikusia ezin ditu disimulatu ere egin: “Sueño con una Bolivia libre de ritos satánicos indígenas, la ciudad no es para los indios, que se vayan al altiplano o al Chaco”. Evoren azken egunetako agonian ere lotsarik gabe idatzi zuen: “Pobre indio aferrado al poder.” Ispiluari besterik esanarazten badio ere, Áñezen begitarteak ageri du ez dela arraza zurikoa, argi dago gaitzesten dituen etniak dituela sustrai gajo motzak.

Homosexualitatea arbuiatu eta gaixotasun gisa jotzea ez da lozorrotik esnatu berri den espainiar eskuin muturraren joera esklusiboa. Eliza katolikoaren ordezkari kualifikatuek, zenbait apezpiku tartean, diskurtso horri eusten diote oraindik ere, ahotsaren modulazioan, aurpegiko keinuketan edo eskuak mugitzeko eran gaitzesten duten horren zantzuak izan arren.

Kuban beltz batek Nortasun Agiria erakutsi zigun behin -¡mire mi cédula de identidad!-, euskaldunak ginela sumaturik. Berak ere euskal deitura zuen lehena. Sinesten zail samarra zirudien, ez baitzen mulatoa, guztiz beltza baizik: “Mi padre se casó con una negra y aquella me desgració.”

Ezer ez izatea baino makurragoa da garenari uko egitea, norbere jatorriaz, arrazaz edo sexu joerez lotsatzea. Eta auskalo zer nolako infernua bizi duten beren baitan, garretan erre behar genukeenak gainerakoak garela uste izan arren.