enbora kanibala da, gutxika, pixkanaka, jaten gaitu. Horixe pentsatu nuen kalean aurkitu nuenean. Aspaldiko lagun bat, aspaldi ikusi gabea. Zahartuta ikusi nuen, hasieran ezagutzea ere kostatu zitzaidan. Eta orduan pentsatu nuen adin bera dugula eta agian berak ere gauza bera pentsatu zuela ni ikustean. Batzuetan ez gara konturatzen zahar-tzen ari garela argazki zahar batean geure burua ezagutzea kostatzen zaigun arte, edo aspaldi ikusten ez genuen norbait topatu eta gure zimurrak bere zimurretan islatuta ikusten ditugun arte.

Denbora kanibala da, pentsatu nuen. Eta, hala ere, nire lagunarekin hizketan ari nintzela (elkarrekin joan ginen zerbait hartzera) bere bizitzako unerik onenean zegoela iruditu zitzaidan. Bere azken proiektuez hitz egin zidan, nola egin duen aurrera hainbat gauzetan behin seme-alabak hazita denbora gehiago duelako. Eta beste gauza batzuen artean, kontatu zidan nola ikasten joan den kezka antzuetatik libratzen, bizitzan benetan axola duten gauza horietan zentratzen saiatzeko. Beti iruditu zait pertsona argia. Eta urteen poderioz askoz jakintsuago bihurtuta ikusi nuen. Bere bizitzako unerik onenean.

Eta orduan nire lehen inpresioa etorri zitzaidan gogora eta bidegabea iruditu zitzaidan bere aldaketa fisikoan jarri izana nire atentzio guztia eta gainbehera ikustea bere ilearen sustraietako ile zurietan, aho inguruko zimurretan€ Gazte ez izatea porrotarekin automatikoki eta bidegabeki lotu nuen.

Zahartzen ari gara eta denborak gauza batzuk lapurtzen dizkigu, zalantzarik gabe, baina etengabe hazten jarraitzeko aukera ere ematen digu. Hala ere, gizarte honek zahartzea debekatu digu, batez ere emakumeoi, gure balio guztia edertasunarekin edo gaztetasunarekin nahitaez lotuta egon beharko balu bezala. Haratago begiratu gabe: pertsonari, esperientziari, adimenari, giza balioari.

Agian osasungarriagoa litzateke denbora kanibal bat bezala ikusi ordez, egunero konturatzea nola elikatzen garen denboraz.