rropak eskegitzen dituenean, askotan agertzen zaio parerik gabeko galtzerdi bat. Eta txikikeria bat badirudi ere, munduaren ordena kolokan jar-tzen dela sentitzen du. Galtzerdia printzesaren koltxoiaren azpiko ilar txiki hori bihur-tzen da. Txikia izan arren, denboraren poderioz sentitzen duzun horietakoa. Galtzerdi ezkongabe horietako bat eskuan geratzen zaion bakoitzean, ez du jakiten oso ondo non utzi: tiradera batean sartzen du, edo arropa zikinen saskira itzultzen du, edo gainerako galtzerdien azpian ezkutatzen du, ilunpe hartan bikotekidea bere kasa aurkituko duelakoan edo. Eta gaizki sentitzen da.

Baina gaur gauza garrantzitsu bat gertatu da. Parerik gabeko galtzerdi batek bere oreka mehatxatu du, baina, oraingoan, bere buruari pentsatzeko astirik eman gabe, zakarrontzira bota du. Eta une horretan, bere ekintzaz harritzeaz gain, plazer ezezagun bat sentitu du. Bizkarretik motxila astun bat kentzea bezala izan da. Eta barre egin du. Urtetan gaizki sentitu da galtzerdi bat bakarrik aurkitzen zuen bakoitzean, eta begira, zein erraza zen: nahikoa zen zakarrontzira botatzea.

Eta horrela hainbeste gauzekin. Alabak galdetu dio ea lagun baten etxean gera daitekeen lo egitera, eta pentsatu gabe baietz erantzun dio, joateko, ondo pasatzeko. Alaba begira geratu zaio segundo batzuk, bere ama txantxetan ez dagoela egiaztatu nahian. Izan ere, beti izan du ama atzetik "kontuz ibili, ez zaitez berandu etorri, ezta pentsatu ere" arrosarioarekin, eta bat-batean baietz esan dio, ondo pasatzeko eta irribarrez gainera. Alabak ez daki zer dagoen irribarre horren atzean. Ez daki bere amak bat batean sekulako liberazioa sentitu duela bere alaba non ibiliko den pentsatuz hamaika gau lo egin ezinik igaro ondoren. Ez daki irribarre horren itzulpena ez dela: ondo pasa. Irribarre horren atzean beste esaldi bat dagoela: allakuidaos.

Eta alabak alde egitean, atearen hotsa en-tzun duenean, pentsatu du zein oker egon den orain arte, bere inguruko mundua kontrolatu nahian, bereganatu nahian, askotan benetan behar duguna lortzeko modu bakarra dagoenean: joaten uztea.