okalariek elkar besarkatu ahal izango dute gol bat sartu ondoren. Prentsa digitalean irakurri dut albistea. Beno, ez dut berez irakurri, irakurtzeak asmo bat eskatzen duelako. Zehatzago izanda, albisteak aurpegira salto egin dit, gaur egun Interneteko iragarkiek egiten duten bezala, abiaduran zoazenean autoaren kristalean intsektuak nola. Ba, albisteak aurpegira salto egiten dit eta bi gauza pentsatu ditut. Bata, ez zaidala bidezkoa iruditzen haiek euren besarkaden erakustaldia egitea in prime time nik ezin dudanean ama besarkatu, ezta lagunak ere; eta bi, futbola interesa-tzen ez zaidan pertsona naizenez, ez dakit zergatik jaso behar dudan hainbeste informazio kirol honi buruz. Izan ere, futbolean interesik ez daukagun pertsona gehienek, ia konturatu gabe, badakigu Messik orkatilako mina duen ala ez, badakigu Muniain gaurko entrenamenduan bere kideekin txantxetan ibili dela, futbol-estadioen izenak ikasi ditugu, arrazoi on batengatik kantatzen duten futbolarien bideoak irentsi ditugu, eta informatiboaren erdia betetzen duten kirol albisteak ikusten ditugu iragarpen meteorologikoaren zain gauden bitartean. Eta hori guztia herri honetan gazte askok ez dakienean ezta nor den Anjel Lertxundi handia, zeinak, bide batez esanda, liburu berria atera duen.

Eta futbolarekin gertatzen den bezala, prentsa arrosako informazioak edota ezagutu nahi ez ditugun telebistako lehiaketetako partehartzaileen izenak gure etxeetako leihoetatik sartzen dira landare igokari basatien antzera, eta gure gustuak edozein direla ere, inbaditu egiten gaituzte. Ez dago ihesbiderik. Edonondik sartzen dira. Egon zaitezke doktorego tesia idazten, edo artikulu zientifiko bat, baina halako batean, konturatu gabe, Arguiñanoren "qué gustito y qué placer andar en la cocina" abesten hasi zaitezke.

Beraz, futbolariek elkar besarkatu ahal izango dute. Eta zuk eta nik ez. Baina interesa-tzen ez zaizkigun arren, norbaitek garran-tzitsuak direla erabaki duen gauza horietaz gozatzen jarraitzeko aukera izango dugu bederen. Qué gustito y qué placer.