Bizitzan behin bakarrik egin dituzun gauzak. Lehengo egunean Miren Gaztañaga aktoreak Ezekiel antzezlanaren pasarte bat irakurri zuen Iñigo Muguruzaren omenaldian. Bertan, protagonistak bizitzan behin bakarrik egin dituen gauzak aipatzen zituen, eta adibide batzuk jartzen zituen, hala nola "elurretan biluzik korrika egitea". Bizitzan behin bakarrik egin ditugun gauzez galdetuta, egoera oso bereziak gogoratzen ditugu: Japoniara ezkontza batera gonbidatu gisa joan nintzen eguna, Ur-jauzi izoztu bat eskalatu nuen eguna.

Hala ere, bizitzan gertatzen zaigun guztia behin bakarrik gertatzen zaigu. Une horretan bertan. Gertatzen den guztia une horretan bakarrik existitzen da, eta ez da inoiz gehiago errepikatzen, nahiz eta berriro antzeko zerbait edo berdin-berdina egin. Pertsona batekin elkartu zaitezke askotan, leku berberetan, ordu berdinetan, baina topaketa bakoitza bakarra izango da, eta ez da berriro gertatuko. Horretaz kontziente izateak, zalantzarik gabe, bizitasun gehiagorekin bizitzera bultzatzen gaitu, emozio gehiagorekin.

Jende askorengan zoriona eta alaitasuna eragiten duten datak iritsi dira, baina pertsona asko deprimitzen dituztenak ere bai. Gabonak iristen direnean, "ea lehenbailehen pasatzen diren" pentsa-tzen duten pertsona asko dago. Ez dakit kontsolagarri modura funtzionatuko duen, baina agian Gabon gaueko afarian edo Gabonetako bazkarian gertatuko dena behin bakarrik gertatuko dela pentsatzeak lagunduko die unea atseginagoa egiten. Agian pentsatzen badute hurrengo urtean norbait falta daitekeela mahai horretan, edo beraiek ere egoera ezberdin batean egon daitezkeela, modu ezberdin batez biziko dute une hori.

Egiten duguna egiten dugula, zentzumen guztiak adi egitea izan daiteke irtenbide bat. Egunerokoa bizitzea erne, esna, une horretan elurretan arroparik gabe korrika ariko bagina bezala, edo Japoniako ezkontza batean sakea edaten. Jakin-minez, arretaz, errutinaren belo ilunik gabe. Bizitzan behin bakarrik egin dituzun gauzak. Gaur egin dudana, adibidez. Oraintxe bertan egiten ari naizena.