Podemoseko buru zaren hori, zakar mintzatu zinen Arnas Dezagun (AD) ekimenari buruz Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Pentsatu nahi dugu ez duzula ADren proposamena arretaz irakurri eta aurreiritzietatik jardun zenuela, alabaina, politikariek ondo neurtu behar zenituzkete hitzak, eta batez ere, jakinaren gainean jardun.ADren proposamena “negargarri eta klasistatzat” jo zenuen. Halakorik! Izan ere, ADrena proposamen neurritsua da, arretaz hausnartutakoa eta zenbait aditu euskaltzalerekin kontrastatua. Bestalde, proposamenak berariaz aintzat hartzen ditu haur guzti-guztiak.Manifestua irakurtzen baduzu, horrelako pasarteak aurkituko dituzu: “Ama hizkuntza gaztelania... ez duten umeak lehenetsi daitezke... haur atzerritar horien inklusioa errazteko. Haur erdaldunei berariazko laguntza eskaini behar zaie, euren euskara maila indartu eta euskalduntze prozesua azkar-tzeko...” Non ikusten duzu “klasismoa”?Faktorian esan zenuenez “ikusi dut... ume bat, euskaldun osoa eta gazteleraz gaizki egiten duena, nola joaten den gaztelera bereganatzen, eta euskarak nola pisua galtzen duen”. Hala da. Hainbesteko pisua galtzen du euskarak ze, haur euskaldun askok bazterrera ere uzten baitute ikastetxean pairatutako egoeren ondorioz. Ondorio tamalgarri horri konponbide (bat) proposatzera dator Arnas Dezagun. Zureak dira hitzok ere: “Aldi berean, ikusi dut nola nire umeek lagundu dieten beste batzuei euskara ikasten”. Hala gertatu bada, zorionak! Kosta egiten zaigu sinistea, baina. AD ekimenean bildutako gurasoon eskarmentua oso bestelakoa da: gure haurrek euskaraz jarduteko oztopo handiekin egin dute topo beste haur euskaldunengandik sakabanatu ostean, eta ezin izan diete haur erdaldunei euskara ikasten lagundu, gaztelera gertatu baita harremanetarako hizkuntza bakar, eta euskara, ezkutatu beharreko “gelako hizkuntza”.Pasarte honek ere, aditzera ematen du ez duzula manifestua irakurri: “Islak sortzea gure umeek dituzten pribilegioei eusteko, ez dauka batere zentzurik, ez da batere solidarioa eta negargarria da proposamen bezala”.Bada, ADk EZ du “islarik” proposatzen, haur euskaldunak EZ sakabanatzea baizik, beraien artean eta beste haurrekin (D ereduaz ari gara!) euskaraz egiteko aukera izan dezaten sikiera. Bestalde, euskaldunok, pribilegiatuak gabe, bigarren mailako herritarrak gara gure herrian. Gure haurrek ikastetxe askotan jasaten dutena da bazterketa horren adibide negargarri bat.Arnas Dezagunek eredu inklusiboa eta solidarioa proposatzen du, euskara ardatz (eta ez gaztelera edo frantsesa, orain bezala).Edonola ere, azalpen zehatzagoak beharko bazenitu, prest gauzkazu zurekin biltzeko. ADren manifestua irakurtzeko lan xumea hartuko duzulako esperantzaz, urte berri on!Erkuden Barandiaran Goñi Arnas Dezagun ekimenaren izenean