Aitor Aldasoro EAJko Legebiltzarkideak eta GBBKo burukideak Aralarko pisten auziaz orain gutxi kaleratu duen “Politika auzibidean jartzearen estrategiaren aurka” izeneko iritzi artikulua guztiz manipulatzailea eta demagogikoa iruditu zaigu Eguzki eta Landarlaneko kideoi.Aralarko pisten azken epaia oinarri duen idatzian gure izenik aipatzen ez badu ere, lotura zuzena egiten du epaibidean jarritako gure salaketak eta Ezker Abertzalearen artean. Erabateko manipulazioa, salaketa horretan herri akusazio gisa bi elkartek parte hartu baitugu, ez Ezker Abertzaleak. Eta parte hartu, diogu, salaketa horren izapidea Ingurumen Fiskaltzaren esku utzi baikenuen guk eta bera izan zen delitu zantzuak zeudela berretsi eta epai bidea ireki zuena, zegokion bidetik, bide penala kasu honetan. Beraz, hori ere ez dugu guk aukeratu.Aralarko pisten auzia ez dago epaitegietan proiektu hori EAJrena delako, baizik eta legea errespetatu ez dela uste dugulako. Epai bidera jo beharrean izan gara, denon interesa babesteaz eta bereziki natura inguruneaz legez arduratu beharko lukeen Gipuzkoako Foru Aldundiak, hain justu aurkako papera jokatu duelako. EAJren (eta PSE) ardurapean dagoen Aldundia. Ez al du Aldasoro jaunak Aldundiaren gabeziak ezkutatzeko benetako interes politikoa?Gaineratu nahi dugu zorionez edozein hiritarrek edo kasu honetan elkartek legea betetzen ez dela ikusi ezkero, justiziara joateko aukera duela eta guk eskubide hori gauzatu besterik ez dugu egin. Guztiok dakigun moduan auzia ebatsi gabe dago oraindik, eta Eguzkik zein Landarlanek bertan egon ahal izateko sentsibilitate anitzetako elkarte eta norbanakoen laguntza ekonomikoa jaso beharra izan du dirubilketen bidez, bestela ezingo genioke aurre egin, honek suposatzen duen gastuari. Ikertuak izaten ari direnei aldiz, diru publikoarekin defendatzea onartu zaie, agintetik egiten dena egiten dela, herritar guztion poltsikoaren kontura egitea onartuz.Aldasoro jaunaren arazoa, besteok beraien jarrera bera dugula pentsatzea da. Itxuraz ohituta daude beste pertsona eta eragile batzuk erabiltzen EAJren helburuak lortzeko, baina hori ez da inondik ere gure kasua. Hara hor beraien alderdiaren herrigintza ulertu eta aritzeko era!Honenbestez, Aldasoro jauna, mesedez eskatzen dizugu ingurumen elkarteak eta ekologistak ez alderdikerietan nahastea, gure interesak politikatik haratago baitoaz, gureak bezalako elkarteek beti defendatu baitute ingurumena eta interes orokorra, interes pribatuen edo partidisten aurretik.Edurne Huesa eta Gari Plazaola Landarlan eta Eguzkiren izenean