Anoetan ez zen azkar eta bizkor ibili EH Bildu bere zinegotziaren dimisioaren berri ematen ezta prentsaurrekoz lau haizetara azaltzen ere. Aste honetan Miren Larrionen dimisioaren berri eman du. Labur, entzun nuen irratian. Beharko labur, tuiterren sartuko bazen. Labur eta, gainera motz, izan ere EH Bilduk ez du txintik esan txio egin eta gero, bi egunetan behintzat. Euskadi Irratian, Larrionen dimisioaren berri uzkurraz haratago jakin nahia adierazi zuten, eta gehiago jakiten saiatuko zirela esan zuten. Ez alferrik. ETBko Teleberrin, berriz, “no hay manera de saber” eta “hermetismo total” esan zuten. Eta hala, EH Bilduk atea ireki zion susmotegiari. Biharamunean Larrionen oharra tuiterren, gaztelaniaz, “error personal” bat izan dela esanez eta “he presentado mi dimisión que EH Bildu ha aceptado”. Ez naiz inor larrutzearen aldekoa, ezta huts egiten duenean ere. Gustatu zait Gorka Urtaran Gasteizko alkateak nola erantzun duen, errugabetasun irizpidea azpimarratuz. Eta orain ere nabarmen geratu da salagarria iruditzen zaidana: “ezkerreko subiranismoak” bi metro erabiltzeko daukan legea: super-txapeldunak dira besteri, bereziki EAJri eta bere ordezkariei, kontuak eskatzen eta gardentasuna galdetzen -ikusi besterik ez dago Gotzone Sagardui Osasun sailburuari igaroarazten dioten gurutze bidea- baina berenak ixo, isiltasun ordenantza moduko baten babesean. Orain arteko udal bozeramalearen gertaera pertsonalak EH Bilduren araudi etikoa urratu izango du eta dimisioa ekarri du, baina niri beste zerbaitek ematen dit zer pentsatu: ez dakit zein etika arauditan onar litekeen bestea ito eta txikitu beharrean ibiltzea, eten gabe. Hori bai irudi-tzen zaidala larria eta serio hartzekoa.Egunen batean, aztertuko dira gaur egungo joera hauek eta bere ondorioak. Gizalege gabekoa, atzerakoia eta okerra da harrika bizian ibiltze hau, zein baino zein ankerrago eta lotsagabeago sareetan, irain-enkante bat balego bezala, politikaren esparruan eta abarrean. Garbitasunaren aitzakian, bestea garbitu, politika eta bizitza ehiza balira bezala. Horixe da arriskua. Eta iruditzen zait marra batzuk igarota gaudela. Kontuz. Aski da.