Aziza gazteak tea prestatu du, te apar-tsua, aparrik ezean ez baita benetako tea. Lehen tea, garratza, basamortuaren garraztasunaren adierazgarri, haizearen zaporea duena. Bigarren tea, xamurra, oso xamurra, aiton-amonen laztanen pare, amek egindako ogiaren zaporea duena. Hirugarren tea gozoa, oso gozoa, gure Lurra bezain gozoa, Mendebaldeko Sahararen zaporea duena. Laugarren teak esperantzaren zaporea du, Mendebaldeko Saharara noizbait itzuliko diren itxaropenaren zaporea, atzerrian errefuxiatu emandako urteetako oroitzapenak bizkarrean hartuta. Topa dagigun jadanik ez daudenak gogoan, topa dagigun zure izenean eta denon gizenean, eta topa egin dezagun Sahara askearen alde! Azizak erretilua pixka bat garbitu, eta beste lau te prestatzera doa, apartsuak, oso apartsuak, zeren eta aparrik ezean ez baita benetako tea: garratza, xamurra, gozoa... eta beti-beti, esperantzaz beteak.

Borrell ministroak "atentatu-arrisku berehalakoa" zela-eta Saharara ez joateko deia egin zuen, Marokoko atzerri ministroarekin batzartu eta gero. Marokoko ministroaren amua irentsi eta ustezko atentatu-arriskuaren arrain ustela zabaldu zuen Borrellek. Atentatuak aste horretan bertan izan ziren, bai, baina Londresen eta Amsterdamen, eta Borrell ministroa ez zen azaldu adierazteko ez zela komeni joatea Erresuma Batura edo Herbereetara.

Aste horretan Saharara joan zirenak itzuli egin dira jada, besteak beste, Berriozarko okina. Gaur goizean esan dit, hirugarren aldia dela Sahara joan dena, eta gero eta gusturago joaten dela. Borrell ministroaren arrain ustelaz oroitu naiz.