Egunotan lagun batek eta biok Daniel Defoeren Izurriaren urteko egunerokoa (1722) irakurri, eta iruzkin batzuk trukatu ditugu -telematikoki, noski-. Komentatu didan gauzetako bat, 1665eko Londresko epidemiari buruzko liburu horretaz, hauxe: “Harrigarria da zein gutxi aldatu garen XVII. mendetik”. Histeria kolektiboari eta legenda urbanoen hedapenari buruz ari zen, hiria garai hartan gure sare sozialak bezain fuerte jo zituztenak.

Nik erantzun diot baietz, hala dela. Baina hori ez litzatekeela horren txundigarria, han deskribatutako mundua “gurea” delako jada, funtsean. Baina ez bakarrik hori: Defoek, ordenaren eta kapitalismo -orduan- jaioberriaren defendatzaile zintzoa zenak, zerbait azpimarratzen badu liburuan zehar da zein eraginkorra izan zen udal erakundeen ekintza hiriaren hornikuntza ziurtatzeko: merkatuak irekita mantendu, eta hirira elikagaiak saltzera etortzen ziren inguruetako laborariak erakartzen jarraitzeko eta ez izutzeko neurriak hartu zituzten, hala nola, kaleen garbiketa zaintzea eta hilotzen ikuskizuna saihestea. Nahiz eta, gaixotasuna deklaratzen zen hiriko etxeen itxialdia ziurtatzeko neurri gogorrekin kontrastean, modu horretan arriskuan jartzen zituzten inguruko baserritarrak ere, beren herrixketara itzultzean epidemia zabaltzeko aukerak handituz horrela. Baina Merkatuak behar bezala funtzionatu zuen, eta prezioak ez ziren apenas hazi, narratzaileak, pozik, azpimarratzen duen bezala.

Izurriaren eraginak sozialki desberdinak izan zirela gogorarazten digu, orobat, Defoek. Aberats gehienak gaixotasuna zabaltzen hasi bezain laster ihesi atera ziren Londrestik, eta langabezia bizkor zabaldu zen, lehenengo haientzat lan egiten zuten mirabeen artean, eta, ondoren, artisauen eta dendarien artean. Egileak behartsuen ausarkeriaren inguruko gaitzespen hitzak dauzka, lana egoera arriskutsuetan egiten zutelako, maiz. Eta, halakoengatik galdetuta, pobreek erantzun ohi zutena jasotzen du: “Zer beste egin dezaket? Ezin naiz gosez hil. Berdin dio izurria harrapatu edo gabeziaz hiltzen banaiz. Nik ez daukat lanik. Zer nahi duzue egitea? Hau egiten ez badut, eskean hasi beharko dut”.

Izurriaren urteko egunerokoa oso liburu garaikidea da beste zentzu batzuetan. Adibidez, zaila da zein generotakoa den zehaztea. Argi dago, lehenengo pertsona erabiltzen badu ere, ez dela liburu autobiografiko bat -Defoek bost urte inguru zituen 1665ean-, baina nobela bat da? Ala erreportaje moduko bat? Kontsentsu nagusiak dio nobela bezala irakur daitekeela, baina, ziurrenik, bere osaba baten izurriaren garaiko oharretan oinarritu zen lana eraikitzeko. Ikuspuntu horretatik, agian gehiago kontsideratu beharko litzateke “ez-fikziozko nobela” bat, batzuei “horren berria” iruditzen zaien azpigeneroa...

Defoeri aitortu behar zaio, halaber, egokieraren zentzu enpresariala izan zuela: liburua Marseillako 1720ko epidemia bubonikoaren inpaktuaren eraginpean argitaratu zen, helburu komertzial argi batekin alegia, eta salmenta arrakasta dezente izan zuen harekin, nahiz eta ez Robinson Crusoe-rekin bezainbeste, noski -nobela burgesaren garapenean mugarri izan zen obra bat, bide batez esanda-.

Ikusiko dugu koronabirusaren egoeraren ostean gure liburu denden apalategiak inbadituko dituzten berrogeialdiaren inguruko lanetatik zenbatek duten Defoerenaren zori bera.