Bizitzan emakumeek erakutsi didatena askoz garrantzitsuagoa da gizonengandik ikasi dudana baino. Nik ere, umetan, sistema hetero-patriarkal baten mezu guztiak jaso nituen, eta bat ere kuestionatu gabe irentsi, mundua horrelakoa zela sinetsi arte. Naturaltzat hartzen genuen emakumeen presentzia urria guretzat interesgarri ziren leku guztietan, literaturan, filosofian, politikan, herrigintzan… haien naturalezan balego bezala publikoki ez nabarmentzeko joera. Institututan ere ikusten genuen: hango ekimenetara ez zen ia neskarik agertzen. Edo ez genituen gonbidatzen. Ez dut oroitzen.

Gero jakingo nuen etxean jasotako mezu baten emaitza zela, erlijioak ere inposatua, gizarteko erakunde guztiek zipriztintzen zutela otzantasun femeninoaren ideia. Bitartean hazi ginen pentsatuz emakumeek ez zutela ia protagonismorik izan historian, iraultzetan, teoria literarioetan, ez ezertan, ez inon. Hezi ginen pentsatuz emakumeak zirela gizakion gozagarri, lasai-gune, gure irudimenak sortzen zituen figurak, gu planetak, haiek sateliteak, gure distiraren zerbitzura, gure beharren neurrira, gure sostengu leial. Nire garai bateko testuetan hala funtzionatuko dute emakumeek, ez dakit; irakurtzeak beldurra ematen baitit.

Baina inflexio puntuak denon bizitzetara iristen dira, zorionez. Ainhoa izan zen ni honetaz ohartarazten lehena. Hitzaldi baten amaieran etorri zitzaidan ohar hau eginez: erabili dituzun erreferentzia guztiak gizonezkoenak ziren, ez zegoen emakume bakar baten aipurik. Testua gainbegiratu nuen; arrazoia zeukan. Egia da diziplina askoren historian bezala literaturan ere emakumeen presentzia urria izan dela, baina hori ez zen aski nire alferkeria justifikatzeko. Saia nintekeen gehixeago, han-hemen, gauza interesgarriak idatzi eta esan zituzten emakumezkoen bila.

Bigarren errebelazioa Uxueren eskutik heldu zitzaidan. Euskararen egoeraz ari nintzen hitzaldi batean berak euskara eta emakumearen arteko parekotasun bikain bat egin zuen, historian zehar baztertuak izandakoak biak, tratu txarrak jasotakoak, konplexuz eta auto-ukazioz beteak, bien ahaldundu beharraz. Hirugarren ekarpena Amaiak egin zidan, ikasleentzako idatzi zuen antzerki xume batean ageri ziren hiru figura femeninoen bidez: Laura Dekker, Cora Coralina eta Maria Montessori. Ez nuen bat bera ere ezagutzen. Lehenengoak munduari bira eman zion 14 urterekin; bigarrenak berak egindako pasta eta pastelak saltzen zituen, bakoitzarekin bere poema bat oparituz. Hirugarrenak pedagogia sistema ospetsu bat sortu zuen. Figura hauen presentziaz haratago, emakumeen ikerketan egiteke neukan lanaren neurria agertu zitzaidan.

Inma da berebiziko garrantzidun laugarren emakumea. Nire testuetan mikro-matxismoak detektatzen laguntzen dit, eta, batez ere, emakumeekiko trufa asko eta errespetu gutxi erabiltzen genuen garaiko hondarrak antzematen. Automatismoz ateratzen zaizkidan sistema hetero-patriarkaleko zantzuak seinalatzen dizkit, beste gauza askoren artean, nire testuak finduz, hobetuz, hori posible bada. Orain hetero izaten jarraitzen dut, baina errealitatearen jantzi patriarkala guztiz baztertu dut.

Nire begirada zabaltzeagatik eta ezkutatua izan zitzaiguna ikusten laguntzeagatik, eskerrak eman nahi dizkizuet, Irazu, Alberdi, Gorostiza eta Noble. Eta feminismoa ekarri diguzuen guztioi.