Síguenos en redes sociales:

Errudunaren konplizeak

Ziber-erasoa detektatzeko eta detektatu ostean agitzen jakiteko ikastarorako deia jaso dute. Joan dira. Eta adituaren lehen hitzak: gazteek etxean jasotzen duten heziketaren ondorioa dela erasotzaile izatea ala ez. “Beti gurasoak errudun!”, kexatu da gurasoetako bat. Gainontzekoek begiak lurrean iltzatu dituzte.

Gurasoak autoritarioak direnean, ez omen diete gazteei euren erabaki propioak hartzen uzten eta hartzen dituzten erabakien aurrean ere ez omen dute gurasoen onespenik jasotzen. Egoera honek, gaztearen autoestimua makaltzen ei du eta bere ingurukoak bera sentitzen den bezala sentiaraztera bultzatzen omen ditu. Hona, adituaren esanetan, erasoaren hasiera.

“Belarrondoko bat garaiz, horixe da behar dena!”, esan du lehenago kexatu den gurasoak: “diziplina falta da tonteria” hauen guztien iturburua?”. Beste inork ez du ezer esan, ekarpenik egin, iritzirik eman.

Semea edo alaba erasotua denean badakigula zer egin behar den esanez jarraitu du adituak. Baina ez dela hala gertatzen erasotzailea denean. Eta egoera bata zein bestea direla zaindu beharrekoak. Zer egin erasotzailea den seme/alabarekin? “Bi hilabete paga gabe eta kalera atera gabe utzi! Ikusiko duzu nola joango zaizkion tonterietarako gogoak?”, hartu du hitza berriro ere lehenagoko gurasoak. “Eta erasotuari ere bi hitz: ikasteko bere burua defendatzen eta negar muxingan ibiltzeari uzteko?”.

Adituak erasotzailearen sufrimendua ez dela gutxietsi behar aditzera eman du; egin beharreko lehenbiziko gauza erasoa egon dela eta erasotzailea norbere seme edo alaba izan dela onartzea dela. Eta, gero, enpatia lagun, seme edo alabarekin hitz egin behar dela, bere autoestimua apalduko luketen zigorrak jartzetik urrun. Kexu izan den gurasoa telefonoz hitz egitera atera da bilera-gelatik. Gainontzekoak isilik gelditu dira. Arazoaren mantu isilak hartu du gela. Inor ez da begiradarik gurutzatzera ausartu. Ikastaroa bukatu ostean, denak kafe bat hartzen gelditu dira. Kexatu den gurasoak ordaindu du kontsumizioa.