Izan ginen… eta bagara

M. Josune Ariztondo Akarregi
EAJren EBBko Idazkari ohia

EAJren bultzada erabakigarria jaso zuten duela mende bat gure hezkuntza propioa sustatu zuten erakunde aitzindariek, besteak beste Euskal Eskola, Bilboko ‘Ikastetsea’, Eusko Ikaskuntza edo Euskaltzaindia, eta gehiengo jeltzaleak osatzen zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 1920an abian jarri zituen auzo-eskolak

Euskal Pizkundea foruen deuseztapenari erantzun demokratiko irmoa emateko sortu zen mugimendu kultural abertzalea izan zen, Europan hedatzen ari zen erromantizismoa lagun zuela. Gora behera batzuekin, 1876tik 1939ra arte iraun zuen eta bultzatzaileen artean Anton Abbadia, Seber Altube, Sabino Arana, Arturo Kanpion, R. M. Azkue, Andima Ibinagabeitia, Julio Urkixo, Iokin Zaitegi, Julene Azpeitia, Sorne Unzueta eta Emakume Abertzale Batzako (EAB) beste kide batzuk aipatzen dira, lehen orduko jeltzaleak ia denak. Euskal Pizkundearen barruan jaio zen, besteak beste, Euskal Eskola deituko zena.

Eusko Ikastola Batza 1932an sortu zen; urtebetera 14 ikastola zituen Bizkaian, egoitza Sabin Etxean zen eta bere ikastolak batzokietan eratzen ziren

Azkue sustatzaile eta zuzendari zela, Ramon Sota Llanoren laguntzaz ireki zen 1896an Bilbon Ikastetsea izeneko haur-eskola, irakasle euskaldunak eta euskal curriculuma erabili zituena. Eskola abertzalea zen, garaiko eskola ofizialaren aurkakoa. Geroxeago Bilbon beste bi zabaldu ziren, eta Donostian Miguel Muñoak sortu eta osorik finantziatu zuen euskal eskolasare garrantzizkoa, 1914tik 1936ra arte iraungo zuena. Mende bat baino gehiago igaro da lehen euskal eskola sortu zenetik hona. Ikastola berba erabilitzen hasi zirenen artean bat Sabino Arana izan zen, 1897an argitaratu zuen bere Umiaren lenengo adiskidia: Bizkaiko euzkeraz irakurtzen ikasteko bizkaitar batek idatzija izeneko kartilan hain zuzen.

Laster, urte emankorrak etorri ziren: 1920an gehiengo jeltzalez osatutako Bizkaiko Foru Aldundiak auzo-eskolak jarri zituen abian. Eduardo Landeta eta Koldo Eleizalde izan ziran sustatzaileak eta euren helburuak hauexek: batetik, hezkuntza euskaraz eskaintzea; bestetik, irakasleen prestakuntza bermatzea eta ikasleek euskara erabiltzea, eduki partikular zein unibertsaletan. Auzo-eskolak elebidunak ziren, euskara lantzeko hiru modu baitzituzten ikasleen ingurune linguistikoaren arabera. Ikas-eduki eta metodologiak hautatzeko orduan Europa zen eredua.

Jaio berriak ziren Eusko Ikaskuntza (EI, 1918) eta Euskaltzaindia (1919) ezinbestekoak izan ziren euskal eskolaren garapenerako. Oñatiko I. Kongresuan Eleizaldek Irakaskuntzaren arazoa Euskal Herrian gaia landu zuen, Landetak Eskolaren egoeraz jardun zuen, Leoncio Urabaienek Euskal eskolako irakasleen arazoaz egin zuen berba eta Adelina Mendez de Torrek bi ikasgai eman zituen Euskal Herriko Lehen Hezkuntza Berria gai zuela.

Errepublika garaian, Bilboko eta Donostiako ikastoletan, Bizkaiko eta Gipuzkoako auzo-eskoletan eta sortu berri zen Euzko Ikastola Batzaren (EIB) ikastoletan euskaraz eskaintzen zen irakaskuntza. EAJren hezkuntza-proiektu politikotzat hartu daiteke antolakuntza hau.

Ofizialki indarrean zegoen sistemarekiko alternatiboa zen proiektu berritzaile honek sekulako garrantzia eman zien bai irakasleriaren prestakuntzari eta baita ikasmaterialei ere. EIBk aipamen berezia behar du. 1932an sortu zen EAJren edo, zehatzago, EABren ekimenez. Egitekorik garrantzitsuena belaunaldi berrien hezkuntza zela sinistuta sortu zuten emakumeok hezkuntza-erakunde hori. Urtebetera 14 ikastola zituen Bizkaian, egoitza Sabin Etxean zen eta bere ikastolak batzokietan edo hurbileko lokaletan eratzen ziren.

Jardunbide pedagogiko honetan Julene Azpeitia da azpimarragarrienetarikoa. Zumaian jaioa 1888an, Bizkaiko auzo-eskoletako oposaketetan lehena geratu eta andereñoen ikuskari izendatu zuten. EIBn ere, aholkularitza pedagogiko eta haur hezkuntzari buruzko hainbat prestakuntza-ikastaro eman zuen. Bere goiburua, Decrolyren jarraitzaile gisa, hauxe: “Haurrak bizitzarako ikasten du eta berak bizitzen duen horretatik ikasten du gizarte bizitzarako”.

Gobernuan ala oposizioan, euskal hezkuntzaren onerako adostasun politiko zabala eta iraunkorra erdietsi beharra daukagu

Baina, tamalez, oso aurreratua zen hezkuntza euskaldun hori, hainbat irakasle prestu zituen sistema hori, arriskuan dago 1936an. Egindakoari eutsi eta aurrera irauteko, lehen Eusko Jaurlaritzak bere esku hartu zituen Euskal Eskolaren proiektua eta, egoera larri eta guzti, Euzkadiko Eskolari ekin egin zion (25 ikastetxe publikok eman zioten atxikimena). Guztira, 53 eskola bildu zituen: 25 sortu berriak, 14 EIBkoak eta beste 14 fundazio edo erlijiosoen eskolak.

Eskola-curriculuma lehendik landuta zetorren. Batetik, euskaraz irakastea, hasieran jokoen bitartez eta geroago gramatikaren bidez; bigarren, hizkuntza arian-arian sartzen zen. Bestetik, Europako gomendioak tarteko, eskola higienea, musika eta dantza. Segundo Olaetari atxiki zitzaion euskal folklorea egokitu eta bere ikuskaritzaren ardura, Aita Donostiaren kantugintzatik abiatuz.

Jakina denez, Frankoren diktadurak suntsitu egin zuen Euskal Eskolaren proiektua, hurrengo belaunaldioi ukatuz bere memoria, horixe baita diktadura guztien armetako bat: iragana ukatuz, ezjakinetik, zerotik, abiatu beharrean jartzea edozein gizarte ekimen demokratiko… etengabe zerotik hasi beharrean dabilenak nekez egiten du eta aurrera.

Baina diktadurak ez zuen lortu bere helburua -zail izaten du errepresioak ezer iraunkorrik lortzea eta, urte beltz asko igaroaz, laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik XXI. mendera etorri gara. Eta hemen gaude, betikoa eta berria den euskal hezkuntzari aurre egiten, geuretik abiatuz Europako herri aurreratuenei begira.

Orain ere, duela 100 urte bezala, ikastetxea da baliabide nagusia eta eskolaituna da lidergoa eta lankidetza egituratzaile eta ardatz. Orain ere, ikastetxe bakoitza gu bat izatea da hezkuntza euskaldunaren ongarria. Eta sakontasun eta zabaltasun maila desberdinekin, proposamen hau baliagarri izan dakioke ikastetxe publikoari zein erlijiosoari edo ikastolari. Norabide horretan asko dago egina eta beste asko oraindik egiteko.

Amaitzeko, gobernuan ala oposizioan, iraganean, orainaldian edo etorkizunean egonda ere, euskal hezkuntzaren onerako adostasun politiko zabala eta iraunkorra erdietsi beharra daukagu: itun politikoarekin ikastetxeek, ikastetxe-elkarteek edota sareek adostasunez auzolanean asmatzen badute euskal gizarteak hezkuntza giro hobea ezagutuko du. Hori da esperantza. Izan ginelako… eta garalako.

Hezkuntza eta hizkuntza, euskararen esparruan

Andrés Urrutia
Euskaltzaindiako lehendakaria

Horra bi izen, sarri-sarri euskararekin loturik agertzen direnak. Izatez, aspalditik ikasi dugu euskaldunok bigarrenarentzat ezinbestekoa dela lehena eta alderantziz, lehenak dakarrela, nahitaez, bigarrenerako bidea eta giltza. Halaxe ulertu zuen, egoki ulertu ere, Eusko Alderdi Jeltzalearen sortzaileak, Sabino Aranak, duela mende eta laurden, euskarari buruzko asmoak eta lan ildoak plazaratu zituenean.

Horiek horrela, galdera osterantzekoa da XXI. mende laurdena aurki beteko den une honetan: Euskarak lortu al du hezkuntzaren bidez hizkuntza osatuagoa, sendoagoa izatea? Erantzuna ezin nolanahikoa izan. Urteak joan, urteak etorri, ofizialtasunaren arrimuan, euskarazko irakaskuntza arian-arian osatu dugu guztion artean. Hasi eskola aurretiko aldian eta bukatu unibertsitateko azken ikasturteetan, inor gutxik esan dezake, hala nahi izanez gero, euskaraz ikasteko aukerarik ez duenik.

Hezkuntza, alabaina, ez da irakaskuntza prozesuan agortzen. Besteak beste, hezkuntzak bere baitan hartzen du gizarte zibilaren partaidetza. Eta hor, gauzak ongi esan ditzagun, bada oraindik zer egina eta zer moldatua. Urtero ikusten dugu unibertsitatetik atera berriak diren hainbat ikasle, euren lanbide etorkizunaz kexu. Ardura dute aldi luze baterako bizitzaren nondik norakoak jokoan dituztelako. Zenbait kasutan, bestalde, kezka hori linguistikoa ere bada, ordu arte euskaraz ikasitako oro beste hizkuntza batez landu beharra dagoelako.

Norbaitek esango du hori dela merkatuaren legea. Bego. Begien bistakoa da, alabaina, euskaraz besteko hizkuntzak erabili beharra nork bere burua lanbide baten arrastoan jartzeko. Horraino hezkuntza. Eta hizkuntza? Non dago gizarte horren erantzukizuna, euskararen bidez giro, esparru eta arlo profesionalak sortzeko eta sustatzeko? Hori, gainera, ez da konpontzen soil-soilik agintari publikoak emandako dirulaguntzen bidez edo aldarrikapen handi-mandi batzuk eginez. Tamalez, halakoak arlo sozioekonomikoaren zaku handi batean sarturik geratzen dira usu, esatetik egintzara doan bide traketsean galduak.

Euskara aldeztu behar dugu, gune propio eta profesional batzuk sortzen eta garatzen, hori baita etorkizuneko giltza

Horra hor guztioi dagokigun kontua. Eginkizun larria, euskarazko ikasle multzoari esan nahi ez badiogu euskararena bide agortua dela eta interesik gabekoa. Ezkorra naizela argudiatuko du norbaitek. Ez dadila, alabaina, inor nahasi. Hau ez da inori kontu eskatzeko azalpena, ezpada gogoeta orokorra, nire ustez, guztion artean aintzat hartzekoa. Bada garaia diagnostikotik egintzetara pasatzeko eta guztion lana horretan jartzeko.

Horretan, gainera, ikusten eta frogatzen dira, burdina sutan bezalaxe, euskararen alde egiten diren hainbat ekimen. Euskararena, garai zail honetan, bereziki, erakargarriagoa egin behar dugu. Baina horretarako hezkuntza berrindartzearekin batera, hizkuntza, euskara ere bai, aldeztu behar dugu, etengabe, modu jarraituan, gune propio eta profesional batzuk sortzen eta garatzen, hori baita etorkizuneko giltza. Gune horiek, esan gabe doa, bizitzaren zeregin guztietan kokaturik egon behar dira, zerbitzu linguistikoetatik harago, zin-zinezko normalkuntza erdietsi nahi badugu euskararentzat.

Bazterrean baino, erdigunean egon behar du euskarak gure eguneroko bizimoduan, egunero egiten ditugun ahaleginetan. Bestela, euskararen esparruan, hezkuntza eta hizkuntza ez dira batera ibiliko eta, jakina, horrek gure gerokoari buruzko ondorio makurrak ekarriko ditu.