- Ekainaren 4an uda aurreko festa egongo da Zumaiako Emakumeon Etxean. Raixta edo elkarrekin piztu duguna leloarekin batailatu dute eguna. Raixta hitza aukeratu dute esanahia pospoloaren muturra gainazal latz baten aurka igurtzen denean marruskadurak sortzen duen beroak sua pizten duenean atera-tzen duen soinu horri deritzolako.

Han, parte-hartzaileen bizipenak elkarbanatu, bertan egiten dena zabaldu, emakume sortzaileen lanak azaleratu, proiektuaren berri oraindik ez duenak ezagutu dezan eta orain arte piztutakoa elkarrekin ospatzeko antolatu dute festa.

Egun osorako programa aurkeztu zuten aurrekoan. Goizeko 10.00etan hasiko da sormen tailer batekin Maddi Uranga eta Zutaniren eskutik. Bitarte horretan IRN Tattoo tatuajeak egiten egongo da eta Amaia Urrestillak eta Eva Francok body paint performancea egingo dute.

Sormen tailerrean parte hartzeko edo nahi den tatuajea aurretik adosteko zumaiakoemakumeonetxea@gmail.com helbidera ida-tzi beharko da.

11.00etatik aurrera photocall-a egingo da eta henna Mahyubaren trikitilariak eta txalapartariak ere egongo dira. Eguerdi aldera tabladu txikiari hasiera emango diote. Performancea Regularización Yarekin hasiko dira eta ondoren musika pixkat jarriko diote bizitzari. Horretan Eire, Oma, Nago ta ni eta Oihana egongo dira.

14.30ean bertso bazkaria izango da eta Onintza Enbeita eta Amaia Agirre egongo dira bertsotan. Ondoren Esther Sound Systemek DJ lanak egingo ditu eta eguna amaitzeko 20.00etatik aurrera batukada poteoa egingo dute.

Bazkaria martxoak 8 plazan egingo da. Bertara joan ahal izateko turismo bulegoan eta Emakumeon Etxean erosi beharko da tiketa 15 euroren truke (langabetuak eta prekarizatuak 12 euro). Emakumezkoak bakarrik joan ahalko dira.

Egunean zehar, Zumaiako emakume sortzaileen erakusleihoa ere jarrita egongo da. 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara egongo da zabalik.

Bertan egongo diren sortzaile batzuk hurrengoak dira: Bilearrings, (buztin polimerikoaz eginiko sorkun-tzak), Josune Atriain (ilustrazioak), Izar Agirrezabalaga (eskuz diseinatu eta sortutako moda), Garbiñe Arrieta (pintura figurista), Creaciones Ileana (eskuz egindako poltsak eta mototsekoak)... besteak beste. l