- Martxoaren hasieran Zumaiako Udalak galdera luzatu zien herritarrei: "Zer egingo zenuke Zumaian 500.000 eurorekin?" Izan ere, 2023 eta 2024ko aurrekontuetan herritarrek aukeratutako proiektuak txertatuko dituzte. Bada, beste bi saio ireki ere antolatu ditu Udalak. Ostegun honetan herriko elkarteetako kideek identifikatzen dituzten beharrak, eta horiek dituzten proposamenak jaso nahi dituzte. Deialdi berezia egin diete herriko elkartegintzan lanean aritzen direnei, baina saioa irekia dela nabarmendu dute. Azken saio irekia martxoaren 29an izango da, eta herritar oro gonbidatu dute saiora. Biak ala biak Alondegiko Oxford aretoan egingo dira, arratsaldeko 18.00etan.