- 20 proposamen inguru jaso ditu Zumaiako Udalak 2023ko eta 2024ko udal aurrekontua herritarren artean eztabaidatu eta erabakitzeko partaidetza prozesuan. Hiru saio ireki egingo dituzte martxoan zehar, eta bi egunez, aurrez aurre proposamenak jasotzeko postua egongo da Saregile plazan.

Lehenengo saioa datorren asteartean egingo dute, 18.00etan Oxford aretoan. Saio honetan, bereziki, auzoetako behar eta proposamenak landuko dituzte. Horregatik, Zumaiako Udalak deialdi berezia egin nahi die auzo desberdinetako herritarrei, horiek direlako beraien auzo eta kaleen beharrak ondoen ezagutzen dituztenak. Edonola ere, bestelako proposamenak jasotzeko aprobetxatuko dute saioa.

Hasierako sarrera eta girotze dinamikaren ondoren, parte-hartzaileek talde txikitan landuko dituzte proposamenak. Norbanakoen proposamenetik taldearen proposamenetarako bidea egingo dute, eta bukaeran, plenarioan, proposamen zerrenda osatuko dute. Euskaraz izango da saioa, baina aldibereko itzulpena egongo da gaztelerara.

Lehenengo fasean, martxoan, herritarren proposamen eta ideiak jasoko dituzte, aurrez azaldutako moduan. Apirilean ekingo diote bigarren faseari. Herritarrak, ordezkari politikoak eta udal teknikariak elkarrekin arituko dira lanean, pertsona zehatz baten proposamena izatetik Zumaia hobetzeko proiektu izatera igo daitezen. Bilera irekiak egingo dituzte, eta, "guztien artean, hainbat irizpide kontutan hartuta, jasotako proposamenak lehenetsiko dira", azaldu dute udaletik.

Irailean lehetsitako proiektu horien arteko aukeraketa egiteko momentua izango da. Azkenik, proiektu bozkatuenak 2023 eta 2024ko aurrekontuetan txertatuko ditu Zumaiako Udalak, 250.000 euro urte bakoitzean.