Oriok Biziberritze plana osatu du. Bada, pasa den abenduan oriotarrek etxean jaso zuten Errioa, gure nortasuna liburuxka, Biziberritze planaren aterkipean, herriaren historia eta itsas ondarea biltzen dituen errelatoa.

Aurkezpenetik harago, hitzaldi-sorta prestatu du Udaleko Turismo sailak, Oriok azken mendeetan izandako bilakaera alorrez alor aztertzeko. Herriaren bilakaera eta oriotarren jarduerak ez ezik, Orioren eta inguruaren natur ondarea ere izango dute hizpide. Hala, otsailetik martxora, bost hitzaldi izango dira Arraunetxen.

Ondorengo hizlariek hartuko dute parte, besteak beste: Xabier Alberdi Itsas Museoko zuzendaria; Iosu Etxezarraga Historian doktorea; Lourdes Odriozola Historian doktorea eta Jesus Mari Perona itsasontzien modelogile artisau oriotarra; Esti Diaz Biologian doktore eta Aztiko ikertzailea; Arturo Elosegi EHUko Ekologia katedradun eta Herrio natur-taldeko kidea.

Asteazken honetan hasiko dira saioak, eta martxoan eta apirilean ere hitzaldi bana izango da, hilaren azken asteazkenetan. Maiatzean, aldiz, zikloari amaiera emateko, bi hi-tzaldi programatu dituzte: hilaren 11n eta 25ean.

Hitzaldi sorta Xabier Alberdik irekiko du Oriotarrak itsasoan barrena XVI. mendean hitzaldiarekin. Bigarren jardunaldia Iosu Etxezarragak eskainiko du martxoaren 30ean eta Oriotarrak Pizkunde garaian: XVI. mendeko euskal kostaldeko gizartearen ikuspegi bat izenburua jarrio dio saioari.

Apirilaren 27an, Ontzigintza Orion. XVI. mendetik XX. mendera hitzaldia iritsiko da herrira. Kasu honetan Lourdes Odriozola eta Jesus Mari Peronaren eskutik.

Maiatzaren 11n, Sargazoetatik Orioraino: aingiraren bidaia miresgarria hitzaldiaren txanda izango da eta Esti Diazek zuzenduko du.

Azkena, azaldu bezala, maiatzaren 25ean egingo da. Orioko natur ondarea: ezkutuko altxorrak, agerian izena jarri dio Arturo Elosegik hitzaldiari.

Guztiak 19.00etan hasiko dira, Arraunetxen, eta herritarrei bertara hurbiltzeko gonbita egin nahi die Udalak, gaien zein hizlarien interesa kontuan hartuta. Bertara-tzeko aukerarik ez duten herritarrek aukera izango dute ondoren ikusteko. Izan ere, bideoz grabatuko dira, eta hitzaldi bilduma osoa eskuragarri izango da Udalaren atarian.

Saio guztiak Arraunetxean izango dira 19.00etan eta bideoz grabatuko dira, ondoren eskuragarri jartzeko udal webgunean