Ekonomia sozial eraldatzailearen bidearen alde, Zumaiako Udalak eta OlatuKoop sarearen arteko lana izan da Urola Kosta mailako lehen coworking zentroa. Horretarako, ZKOOP egitasmoa aurkeztu dute Gizarte Zentroan (Hogarrean). Bertan kokatuko da elkarlan zentroa, "lanerako tokia, eta ekonomia sozial eta eraldatzailearen topalekua".

Coworking formatua izango du lokalak, baina kontzeptuaz uler-tzen dena "gainditu" nahi dute. Eredu ezberdinak aztertzen ibili dira gaur arte eta "ekonomia sozial eraldatzaileak ardaztuko duen elkarlanerako espazio bat" sortzea erabaki dute. Iñaki Ostolaza alkateak azaldu zuenez, "tokiko garapenean sakondu eta egitasmo berriak martxan jarri nahi dituzten zumaiarrak laguntzea da helburuetako bat, horretarako ekonomia sozialaren eta kooperatibismoaren esperientziak ezagututa".

Hala, lanerako toki bat izateaz gain, "Zumaiaren eta zumaiarren beharrei erantzungo dieten proiektuak hauspotzeko balioko du".

Proiektu bat martxan jartzen dutenek bertan lan egin ahal izango dute. Horretarako, hiru espazio moldatuko dituzte: geletako bat lan egiteko egokituko dute; sarrerako gunea ere izango dute, bulego moduan erabiltzeko; hirugarren gunea erabilera anitzekoa izango da, bilerak eta formazioak egiteko, besteak beste.

Guztia martxan jartzeko, lau pauso emango dituzte datozen hilabeteetan. Lehenik, jardunaldi irekia egingo dute martxoaren 2an. Zumaia ekonomia sozialerantz izenburua jarri diote saioari eta Hogarren bertan izango da, 18.00etatik 20.00etara. Aurreratu dutenez, ekonomia soziala eta tokiko garapen eraldatzailearen inguruko marko orokor bat emango dute jardunaldian. Ondoren, kasu praktikoak ezagutzeko aukera izango dute zumaiarrek. Naroa Elor-tzak eta Agurtzane Allurrek Goierriko Biziola elkartearen esperientzia azalduko dute; Josu Labaka Azpeitiko zinegotzia Azpeitin elikaduraren eta kulturaren inguruan martxan jarritako proiektuez eta esperientziaz ariko da; eta Gartzen Garaio Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kideak espazio fisiko baten bueltan martxan jarritakoa azalduko du. Jardunaldia ixteko, Zumaian egin daitekeenaren inguruan hausnartzeko tartea izango da.

Horren ondoren, ZKOOP fabrika hasiko da jarraian, bost saioz osatutako formazioa izango da eta ekonomia sozialean interesa duten herritar eta eragile guztiak parte hartu ahalko dute. Edozein modutan, parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute zkoop@olatukoop.eus helbide elektronikora.

Ondoren maiatza aldera, aukeratutako proiektuei tutoretza saioak eskainiko dizkiete eta modu paraleloan, Hogarrean "elkarlan edo coworking zentro eraldatzailea" jarriko dute martxan.

Jardunaldi irekia antolatu dute martxoaren 2rako, eta bost formazio saio egingo dituzte martxoan eta apirilean