- Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa antolatu du Zumaiako Larraina euskara elkarteak. Euskararen erabileran eragiteko helburuarekin antolatu dituzte hitzaldiak, otsailaren 16tik martxoaren 30era bitartean.

Kike Amonarriz euskararen aldeko dibulgatzaileak emango dio hasiera zikloari, otsailaren 16an. Euskara elkarteen Topaguneko ordezkari modura, gizarte mugimenduaren indartzearen inguruan elkar motibatzearen gakoak izango ditu abiapuntu.

Plataformak abiada bizian heda-tzen ari dira eta horietan euskararen presentzia eskatzeko ekimenak jarri dira abian; hain zuzen ere, Alex Aginagalde irakasleak horien berri emango du martxoaren 2an. Olatz Arregi EHUko irakasle zumaiarra ibiliko da bideratzaile lanetan.

Garbiñe Bereziartuak eta Xabier Azkuek hitanoari buruz hitz egingo dute martxoaren 16an. Lehenak, hizkera modu horrek Euskal Herrian duen esanahiaren eta presentziaren inguruan egindako azken ikerketak izango ditu hizpide, eta Azkuek herriko errealitatea ikertu eta proposamenak egingo ditu. Maitane Subijana Emakumeon* Etxea elkarteko kideak bideratuko du saioa.

Azkenik, Ximun Fuchsek kulturan euskarak duen zentralitateaz hitz egingo du martxoaren 30ean, Jon Maia bertsolari zumaiarraren gidaritzapean. Funtsean "kultura euskaraz, bestela ez gara tesiaren inguruko hitz aspertu artistikoa" eskainiko du antzerki zuzendari eta aktoreak.

Hitzaldi guztiak Alondegiko Oxford aretoan izango dira. Asteazkenetan hitzartu dituzte, 18.30ean.