- Zumaiako Udalbiltzak sustatu du Geuretik Sortuak proiektua eta euskaraz sortzen eta hedatzen den artea bultzatzea du helburu. Hala, hainbat antzezlan, eleberri laburren bilduma bat eta ikus-entzunezko pieza bat sortu dituzte Euskal Herri osoko hamarnaka sortzailek. Zumaian ikusi ahal izango dira guztiak.

Lehenengo antzezlana ostiral honetan bertan estreinatuko da Zumaiako Aita Mari antzokian. Doluari buruzko gogoeta da Eresia, lurra arin bekizu ama ikuskizuna. Oier Zun?iga iruindarrak sortu du Eneko Gil dantzariarekin eta Belen Cruz aktorearekin batera. Sarrerak salgai daude turismo bulegoan, sei euroren truke (gazte txartela dutenek lau euro ordaindu behar dituzte).

Lore More antzerki konpainiaren Trapu zikinak emanaldia martxoaren 4an taularatuko da Zumaiako herrian.

Hurrengo emanaldia, berezia da zumaiarrentzat. Izan ere, 2021eko ekainean eta irailean zehar, Fito Rodriguez idazlea Zumaian izan zen eta bertatik sortutako eleberria plazaratuko du herrian. Beste hainbat idazleren eleberri laburrekin batera argitaratutako Hamazazpigarrenez, aidanez bilduma aurkeztuko du Rodriguezek, martxoaren 23an. Gainera, ekitaldi berezia izango dela aurreratu dute, aurkezpenean Zumaiako aktoreak izango ditu lagun.

Zuberoako Bonbon Beltz konpainiak Harri minak antzezlana ekarriko du herrira. Kasu honetan, maiatzaren 27an.

Emanaldiekin bukatzeko, bi zumaiar taularatuko dira herrian. Ekainaren 3an, Maite Aizpuruaren txanda izango da. Bidaide antzezlana sortu du, Metrokoadroka sormen laborategia kolektiboaren baitan. Zerk mantentzen du kultura herri batean bizirik? Galdera horri erantzungo dio Metrokoadroka sormen kolektiboak, ikuslearekin batera.

Azkenik, Telmo Irureta Tanttaka teatroa konpainiarekin aritu da Sexberdinak obra sortzen, Arrigorriagan. Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, eta Aitziber Garmendiarekin batera igoko da oholtzara, ekainaren 10ean. 2017an, Strip-tease ikuskizunaren baitan, Gabilondo eta Iruretak antzerki pieza labur bat sortu zuten, eta ordutik zuten gogoa beste zerbait sortzeko, eta hala aurkeztu dute lan hau.

Ostiral honetako ikuskizunerako sarrerak eskuragarri daude turismo bulegoan, sei euroren truke; gazte txartelarekin lau