Proposamen bitxi batekin irekiko ditu berriz ateak Zarauzko Sanz Eneako erakusketa gelak. Igelak bilakatuko dira bertako protagonista. Gaurtik aurrera, eta martxoaren 6a bitartean, Corrado Masacciren Igelen Metamorfosia izeneko txotxongilo-erakusketa izango da ikusgai Sanz Enea kultur etxean.

Igelei buruzko erakusketa hau Ondarroan bizi den artista italiarraren urte askotako lanaren emaitza da. Txotxongiloa, berez, eskulturaren, pinturaren eta an-tzerkiaren sintesia dela erakutsi nahi da erakusketa honetan eta igelak, mugimenduaren bidez, hiru dimentsioko objektu batetik bizi-tza propioa hartzen duen eta ikusleari emozioak komunikatzeko gai den izaki batean bihurtzen da.

Erakusketan dauden igel gehienak arrautza kaxetatik sortutako lanak dira; hain zuzen, "objektuen eraldatze prozesuan dagoen metamorfosia" da artistak erakutsi nahi duena.

Bisita gidatuak eskainiko dira eskola taldeentzat (Haur Hezkun-tza eta Lehen Hezkuntza) goizez eta, hitzordu horietaz aparte, ohiko ordutegia astelehenetik ostiralera 17.00etatik 20.00etara izango da. Larunbat eta igandetan aldiz, 18.00etatik 20.00etara egongo da ikusgai erakusketa.

Bestalde, otsailerako beste hainbat kultur ekitaldi daude aurreikusita. Lehendakarigaia antzerkia ostiral honetan izango da, baina sarrerak agortuta daude dagoeneko. Datozenak, berriz, otsailaren 11an, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzerkia; otsailaren 18an, Kea+Serge kontzertua eta hila bukatzeko, otsailaren 20an, Ikimilikiliklik haurrentzako emanaldia izango dira, hurrenez hurren. Sarrerak dagoeneko salgai daude Modeloko leihatilan eta online plataforman. Covid-19aren ondorioz indarrean dauden neurriak beteko dira kasu guztietan.