- Urtero bezala, Udalak hobariak eta bonifikazioak onartu ditu familia ugarientzat Orion, Ondasun Higiezinen Zergari dagozkionak. Interesatuek bihar hasi eta otsailaren 28ra arteko epea dute hobari horiek eskatzeko udal bulegoetan.

Eskaera egiteko, udal-bulegoetara joan beharko da, ordutegi honen barruan: 8.30etik 14.30era, astelehenetik ostiralera. Han emango zaien instantzia bete beharko dute interesatuek (udal webgunean ere eskuragarri dago) eta udal-bulegoetan aurkeztu, dokumentazio honekin batera: familia ugariaren txartela, ondasun Higiezinaren gaineko Zergaren azken ordainagiria ordaindu izana akreditatzen duen agiria eta zinpeko aitorpena, adieraziz familiako inor ez dela beste ondasun higiezin baten jabe.

Familia ugaria direla akreditatuta daukatenek etxebizitza batentzako soilik eskatu dezakete hobaria, etxebizitzaren balio katastrala gehienez 180.000 eurokoa baldin bada eta baldintza hauek betetzen badira: alde batetik, etxebizitza familia ugariaren ohiko bizitokia izan behar du eta familiako kideek bertan erroldatuta egon behar dute. Bestetik, familiako inor ez da izan behar beste ondasun higiezin baten jabe.

Aplikatuko diren hobariak familiako seme-alaben kopuruaren araberakoak izango dira: hiru seme-alaba dituzten familiei %52,50eko hobaria aplikatuko zaie; lau seme-alaba dituzten familiak %63ko hobaria jasoko dute eta bostetik gora dituztenek, berriz, %73,50ekoa.