- Irita-Amillubi eremuko plan orokorra aldatzeko lanei ekin die Zarauzko Udala, eta horren baitan, EAJren udal taldeak trenbidea lurperatzeko proiektu proposamena aurkeztu zuen pasa den astean, epe luzerako "erabaki estrategikoa" dela iritzita. Dena den, ETSren finantziazio-ahalmenaren eta programazioaren menpe egongo da guztia, ETSk baitu eskumena. Horren inguruan EH Bilduk gaiari buruzko bere iritzia partekatu du.

Positiboki baloratu du EAJren "jarrera aldaketa": "Uste dugu herriarentzat berri ona dela EAJk trena lurperatzeko proiektua lan-tzeko borondatea agertu izana, horixe baita orain arte EH Bildutik eskatu izan duguna", azaldu dute.

Herriko bi alderdi nagusiak gai honetan ados izanik, "konpromisoak hartzeko unea dela" esan dute. Hala, horren gaineko hitzarmena egitea proposatu diote EAJri. "Asmo honen inguruan alderdi guztien arteko oinarrizko adostasuna lor-tzen ahalegintzea garrantzitsua dela uste dugu, auzi honetan alderdikeriak alde batera utzita".

Hitzarmen horretan, trenbidearen lurperatzea herriarentzako "proiektu estrategikoa dela jaso beharko litzateke", eta lurperatzea lortzeko pausoak emateko "konpromisoa hartuko genuke bi alderdiok. Honez gain, udal gobernuan edozein alderdi dagoela ere, ETSrekin egiten diren bileretan bi alderdien presentzia bermatzea proposatzen dugu, baita gaia lantzeko herritarren foro bat sortzea ere".

Momentuz alkatearekin bildu dira eta aurkeztu diote hitzarmen proposamena. Orain, erantzunaren zain daude.

"Lurpera-tzea bultzatzeko erabakia benetakoa bada eta konpromisoak har-tzeko prest badaude, alboan izango gaituzte, baina horrek ez du esan nahi alkateak prentsaurrekoan aurkeztu zutenak inolaz ere asetzen gaituenik", hala adierazi dute.

EH Bilduren ustez, azken sei urteotan lurperatzearen azterketa lortzeko pausorik ez da eman eta EAJren bat-bateko aldaketa izan da erabaki hau. "Mitxelena kaleko bizilagunen eta oro har Zarauzko herritarren presioaren aurrean egindako aldaketa, hain zuzen", esan dute.

Bestetik, aurkeztu dutena ondo landu gabeko proposamena dela nabarmendu dute. 2022ko aurrekontuak lantzerakoan "EH Bilduren eskaeretako bat izan zen lurperatzearen azterketa lana bukatzeko partida bat jartzea, eta aurtengo aurrekontuetan ez dago aurreikusita azterlana lantzeko diru partidarik".