Orioko Udalak herria eta hondartza lotuko ditu bidegorri batekin eta uda baino lehen bukatua izatea espero du. Earki arkitekto-bulegoa arduratu da proiektuaren diseinuaz. Behin desjabetzeak gauzatu ondoren adjudikatuko da obra eta, dena ondo bidean, 2022ko uda aurretik bukatuko da. Lehentasunezko proiektua izango da datozen hiletan.

Orioko bidegorri sarea osatzeko, Hondartzako bidearen zatia falta da, autopistako eta Bikamiotako biribilguneen artekoa. "Trafiko handiko tartea da", azaldu dute Udaletik. Hondartzara, Zaraguetara Herri Eskolara, Abaromendira eta Antillara doazen herritarrek erabiltzen dutena nagusiki.

Desjabetza proiektuarekin batera, bidegorria egiteko zenbait aukera aztertu ditu Udalak azken hilabetetan, bidearen erdian dagoen etxetxoa kontuan hartuta. Azkenean, jabeekin negoziatu ondoren, bidegorria zuzen egiteko akordioa lortu dute.

Hala, beharrezko lurrak desjabetu eta obrak adjudikatuko dituzte datozen hiletan. Lanak "azkar" joango dira, hala adierazi dute Udaletik, lehentasunezko proiektua baita Udalaren egutegian.

Bidegorria egitearekin batera, hondartzako bidea asfaltatuko du Udalak, ezker-eskuineko espaloiak berrituko ditu eta argiteria publikoa indartuko du.

Udalak herrigunean autoen erabilera gutxitzeko apustua egin du eta lehentasuna emateko oinezkoei eta bizikletazaleei. Horregatik hartu ditu hainbat neurri azken urteotan, autoen abiada murrizteko eta bizikletan eta oinez ibili nahi dutenei erraztasunak emateko.

Herritarrek bizikleta gehiago erabili dezaten lortzeko, ordea, nahitaezkoa da behar bezalako bidegorri sare egoki bat izatea, eta hori da Udalak lortu nahi duena.

Hartara, herriko gunea eta hondartza aldea lotuta geratuko dira bidegorriz.