- Trenbideko obren inguruan beren kezka nagusiak azaldu zituzten Mitxelenako herritarrek Zarauzko udalbatzaren ondoren. Unean bertan erantzunak eman zizkien Xabier Txurruka alkateak, betiere azalduz Euskal Trenbide Sarearen konpetentzia dela obra.

Esandako guztiak berretsi egin zituen atzo, prentsaren aurrean “herritar guztiek Mitxelenako obraren inguruan jakin dezaten”. Bizilagunak azaldu zuten trenbide berria etxe azpiraino gerturatu zaiela. Okupazioaren inguruan, aldiz, alkateak zehaztu zuen itxitura 50-70 zentrimetro bakarrik zabaldu behar izan dela plataforma, beraz, “esaten denean trena fatxadatik bi metrotara izango dugu, espaloian lekurik gabe geratu gara... garbi esan nahi dut bidegorria bere osotasunean manten-tzen dela, eta bere zintarria ere ez dela ikutu. Itxidura bai zabaldu da, baina berriz ere hesia jartzen dutenean belar zati txiki bat bakarrik galduko da”.

Trenbide bikoitzaren inguruan, egungo geltokiak bi trenbide ditu, bata Donostia aldera doana eta bestea Bilbo aldera, eta guztira 275 metro ditu. Zentzu honetan, proiektuak jasotzen duena da behin-behineko geltokiari 200 metroko bi trenbide ezartzea, zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko. Bi trenbide horiek, ordea, “behin-behineko geltokiari zerbitzua emateko bakarrik” erabiliko dira, eta horietako bat “trenbide aparkaleku” gisa erabiliko dute.

Nondik norako guztiak azaltzeko asmo horrekin, bilera publiko bat antolatuko du ETSk datorren astean. Udalbatzar aretoan ospatuko da, baina ordua eta data zehaztu gabe daude oraindik. Datozen egunetan emango dute horren berri.