- Orioko Ahalduntze Eskolak antolatuta, Erradikalak ginen antzezlana aurkeztuko dute Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal antzerkilari eta ipuin-kontalariak. Saioa ostiral honetan izango da, Arraunetxen 19.00etan hasita. Aurreratu dutenez, helduei zuzendutako antzezlana da, eta 70 minutu inguru iraungo du. Hala, feminismoa abiapuntu hartuta, eta umorea lagun, zahar-tzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz eta beste hainbat gairen inguruan jardungo dute.

"Erradikalak ginen, gara eta izango gara. Bigarren aldiak inoiz onak izan ohi ez direla diotenei aurka egitera gatoz. Lehen aldi hartako pasioz, kortseak askatuta, bertso eta bakarrizketa bidezko formatuari eutsi eta buru-berokiak eduki berriz betetzeko gogoz", azaldu dute sortzaileek.

Emanaldirako sarrerak bost euroan eskuratu daitezke Ahalduntze Eskolan: bihar 10.00etatik 13.00etara, eta ostiralean 16.00etatik 19.00etara.