Azpeitia: Antzerki Topaketak bueltan dira

Jardunaldiak aurkezteko 'Lubaki lainotsuak' obraren estreinaldia izango da hilaren 15ean Soreasu antzokian

11.10.2021 | 00:05

Azpeitia – Udazkenarekin bat, badator antzerki garaia Azpeitira. 39. urtez jarraian, hutsik egin gabe, Euskal Antzerki Topaketak egingo dira herrian.

Aurtengo topaketen aurkezpena datorren ostiralean egingo da (19.00etan) Soreasu antzokian eta Atx teatro konpainiaren Lubaki lainotsuak antzerki obraren estreinaldiarekin, hain zuzen ere. Hori dela eta, sortzaile eta antzerkizaleen artean egingo da publiko antzerki emanaldien aurtengo eskaintza eta bertaratzeko interesa dutenek dagoeneko eros ditzakete aurreneko ikuskizun horretarako sarrerak (5 eurotan) entradium.com plataformaren bitartez.

Udaletik jakinarazi dutenez, "hilaren 15eko aurkezpen emanaldiarekin hasi eta azaroaren 14a bitartean, urtero gisa euskarazko antzerkigin-tzaren isla izango dira herriko taulak. Antzerkiz eta emozioz beteko dituzte antzerki konpainia eta sortzaileek herriko bazterrak. Urtero bezala, haur zein helduentzako eskaintza zabala izango da".

Obraren sinopsia Hilaren 15ean Azpeitian estreinatuko den Lubaki lainotsuak obra izenik gabeko gerraren lubaki batean kokatzen da. Soldadu beterano bat dago, bakar bakarrik, beste sasoi bateko gerlaria; baldintzarik gabeko militantzia eta disziplina zorrotza. Aspaldian ez dago batailarik, ezta etsairik ere... badirudi dena bare-bare dagoela. Jeneralek "bakea" sinatu zuten, tropak etxera bidali zituzten aspaldi, baina ez zuten erreleborik bidali... eta, noski, errelebo gabe ez dago postua uzterik. Bat-batean, ordea, erreleboa datorkio; eskarmentu gabeko soldadu gazte bat.

Belaunaldien arteko talka eta munduaren inguruko ikuspegi desberdinak izango dira marmitako berri honen osagaiak.

noticias de noticiasdegipuzkoa