- Zarautz Kirol Elkarteko Herri Kirolak sailak antolatua, Zarauzko Bi Harri txapelketa ospatuko da, bihar. Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, 18.30tatik aurrera, bi harri baldar, Jai Txiki eta Mollarri, jaso beharko dituztelarik parte hartzaileek.

Aurtengo edizioak, badakar ordea, berrikuntza garrantzitsu bat. Lehen aldiz emakumezkoek parte hartuko dute txapelketan. Lau harri-jasotzaile aterako dira lehiara: Lucia Orbe Orbe, Karmele Gisasola Zelai III, Lur Errekondo Lur eta Lierni Osa Lierni. Zazpi minuturen barruan 63 eta 51 kiloko harriei altxaldi gehien egiten dizkienak eskuratuko du lehen txapela.

Gizonezkoen kasuan, berriz, bosgarren aldiz jokatuko da eta ondorengo kirolariek hartuko dute parte: Hodei Iruretagoiena Izeta IV., Mikel Lopetegi Urra, Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III., Iñigo Eizagirre Eiza, Gorka Etxeberria Gorka, Aimar Galarraga Galarraga, Jokin Eizmendi Jokin eta Paulo Azpiazu Azpiazu. Horiek 117 eta 119 kiloko harriak altxatu beharko dituzte ahal duten beste alditan, zazpi minutuan.

Sarrerei dagokionez, eskuragarri daude entradium.com webgunean. Dena den, egunean bertan takilan jarriko dituzte salgai, 17.30etik aurrera. Sarrera orokorrak hamar euro kostatuko da eta Zarautz Kirol Elkarteko bazkidek bost euroan izango dute.