Elkanoren legatua itsas ibilbidea ezagutzeko aukera onena izango da datozen egunotan. Izan ere, urteko marea bizienak datoz eta Urola Kostako Udal Elkartetik herritarrak deitu dituzte aprobetxatzeko. "Mareak bizi-bizi, itsasotik kostalde osoa are eta ederrago ikusten da" zehaztu dute.

Itsas irteerek eskualdeko bost herriak zeharkatzen dituzte itsason-tziz. Zumaiatik abiatuta, Orion eta Getarian egingo dira geldialdiak. Guztira, irteera bakoitzak ordu eta erdiko iraupena izango du; baina, nahi izanez gero, 45 minutuko ibilbidea ere egin ahal izango da, Getariako edota Orioko geldialdiak baliatuz.

Uztailean eta abuztuan zehar egingo dituzte, asteazken zein igandero, 11.00etan edota 16.00etan. Erreserbak edota ibilaldien inguruko informazio gehigarria, halaber, Begi Bistan enpresaren webgunean dago eskuragarri, baita info@begi-bistan.com helbidera idatzita edota 657 794 677 telefonora deituta ere.

Edozein kasutan, argibide gehiago nahi izanez gero, Aiako Kultur Etxean edota Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako turismo bulegoetan ere eskainiko da informazioa.

Hiru helburu nagusi ditu ekimenak: alde batetik, eskualdeko kultura ondarearen, itsas ondarearen sustapena egin nahi da ekimenaren bitartez. Lourdes Salsamendik ekimenaren aurkezpenean azaldu zuenez, "turismo aktiboaren bitartez, helburua da itsas kultura balioan jar-tzea, gure itsas ondarea ezagutzea eta ezagutaraztea".

Elkanoren legatua ezagutzeko, ordea, "Getariatik haratago" joan nahi izan da eta eskualdeko bost udalerriak elkartu nahi izan dira: hain zuzen ere, "itsasoarekin lotura estua duen gizarte baten, gure eskualdearen, kulturaren berri emateko". Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak esan bezala, eskualdeko bost herrien garapen sozioekonomiko nahiz kulturala "erabat baldintzatu eta ezaugarritu du itsasoak" eta "itsas-irteerek gure historia propio eta komun bat berrikusi eta ber-aurkitzeko aukera eskainiko digute".

Bide batez, Urola Kostako bost udalerriak helmuga-turistiko erakargarri gisara indartzen jarraitzeko asmoa berretsi zuen Udal Elkarteko lehendakariak: "familia-turismoari begirako eskaintza zabalduz, ekoturismoaren eta turismo eredu-jasangarri baten aldeko apustu irmoa egiten jarraituko dugu". Ildo horretan, ekimenaren sustatzaileek dei egin diete herritarrei, bertakoei nahiz kanpotik datozen bisitariei, garraio publikoz edota oinez etor daitezen Urola Kostara.