Zumaiako Udalak Julene Azpeitia literatur lehiaketa ireki du, beste urte batez. 34. edizioa da aurtengoa eta xede nagusia literatur sorkuntza bultzatzea da. Irailaren 30era arte aurkeztu daitezke lanak. Hiru sari emango dira: lehena, 3.000 eurokoa; bigarren saria, 1.500 eurokoa eta azkenik, Zumaiako onenaren saria egongo da, 1.000 euro egokituko zaizkio irabazleari. Idazlanak helbide honetara bidali beharko dira, Julene Azpeitia 34. ipuin lehiaketarako dela adierazita: Zumaiako Udala, Euskara Zerbitzua, Foruen plaza (20750 Zumaia). Aukera dago baita ere lanak posta elektronikoz bidaltzeko, euskara@zumaia.eus helbidera. Kasu horretan ere egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbide elektronikoa eta NAN agiriaren fotokopia bidali beharko dira lanarekin batera. Epaimahaiko idazkariak izango du lan irabazleak ebatzi arte datuok gordetzeko ardura.

Sariketara aurkeztu ahal izateko, bestalde, idazlanek baldintza hauek bete beharko dituzte: euskaraz idatzita egon, originala eta argitaragabea izatea; gaia librea izango da, baina ipuinak gutxienez sei orrialde eduki beharko ditu eta gehienez hamabost. Gainera, izenburua bakarrik eramango du agerian eta idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Lanarekin batera, gutun azal itxi bat bidali beharko da, kanpoaldean idazlanaren izenburua jarrita, eta izen-abizenak zein datuak gehituta.