Iaz eta aurreko urteetan Aste Nagusian zehar antolatzen zituzten kontzertuek Lizardi aretoa izango dute kokaleku. "Lekualdatzearen arrazoia segurtasunarena da. Izan ere, aforoa kontrolatua izatea ahalbidetzen du areto berriak eta malekoiak, berriz, ez", adierazu du Xabier Txurruka Zarauzko alkateak. Beraz, izardi kirol areto berria urtean zehar kiroldegi bada ere, udan musika areto bihurtuko da.

Kontuak kontu, bost kontzertu antolatu ditu Udalak uztailaren 23tik hasita. Lehena, "artista aski ezaguna eta arrakasta handia izaten ari den mallabitarra", Izaro, izango da.

Hurrengo ostiralean, uztailaren 30ean trikitixa, musika eta dantza uztartuko ditu Julen Alonso oriotarrak, Sutan Dantzan ekitaldian.

Abuztuan emango zaio jarraipena, egitarauari. Abuztuaren 6an Zarauzko oholtzara igoko da Belako taldea.

Estatu mailara zabalduko dute eskaintza, abuztuaren 13an. Valen-tziatik iritsiko da Seguridad Social taldea. Azken hauek hainbat pieza ezagun sortu zituzten 80ko hamarkadan.

Bukatzeko, abuztuaren 20an baita ere euskal taldea izango da protagonista: En Tol Sarmientok hartuko du lekukoa.

Kantaldi guztiak 22.00etan hasiko dira eta aforoa, "gaurko neurriak kontuan hartuta, 300ekoa izango da". Dena den, "pandemiaren eboluzioak" baldintzatuko du faktore hau.

Sarrerei dagokienez, kontzertuaren aurreko larunbatean jarriko dituzte eskuragarri aurrez aurre, Modelo aretoko leihatilan. 9.00etatik 12.00etara izango da horretarako aukera, eta pertsona bakoitzak gehienez ere lau sarrera eskuratu ahal izango ditu. Agortuko ez balira, kontzertu aurreko astelehenen gauerdian Interneteko plataformara igoko dituzte.

Udalak esfortzua egin du prezioak arinak izan daitezen. Hala, 10 euroan salduko da bakoitza. Zentzu honetan, sarrerak ez dute zenbakirik izango. Hau da, Lizardiko aretora sartu ahala eseri beharko da.