- Urola Kostako enpresa txiki, autonomo eta ekintzaileek izango dute parte hartzeko aukera Ostiral Teknologikoak izeneko egitasmoan. Urola Kostako Udal Elkarteak sortu du ekimena SPRIren eskutik. Helburua da eskualdeko enpresei digitalizazioaren alorrean urratsak egiteko eta estrategia digitalak garatzeko trebakuntza eskaintzea.

Guztira, zazpi prestakuntza tailer antolatu dituzte. Uztailaren 2an hasiko dira Presentzia aktiboa Interneten gaiarekin. Uztailaren 7an produktuak saldu eta eskain-tzeko kanal digital berriak ezagu-tzeko aukera izango da eta hilaren 16an, berriz, Foru Ogasunak sortu duen Ticket Bai tresna aurkeztuko dute.

Abuztuko atsedenaldiaren ondoren, irailean ekingo diote berriz. Irailaren 17an, bezeroei zerbitzua eraginkortasun handiagoz eskaintzeko asmoz, kudeaketa digital optimizatua nola egin landuko da. Eta, hilabete horretan bertan 24an, administrazio publikoarentzako faktura elektronikoak sortzeko eta bidaltzeko gaitasuna edukitzeko saioa izango da.

Urrian amaituko da eskaintza. 8an gailu mugikorraren erabilera inteligentea nola erabili zehaztuko dute eta 22an, zibersegurtasunaren txanda izango da.

Saio guzti hauek aurrez aurrekoak izango dira eta Urola Kostako Udal Elkartearen egoi-tzan (Urdaneta bidea, 6) emango dira. Lan-saio bakoitzak hiru orduko iraupena izango du, 9.30etik 12.30era. Interesa duen orok, Urola Kostako Udal Elkartearen bidez eman behar du izena, presentzialki bertara joanda edo bestela e-maila bidalita (enpresa@urolakosta.eus). Informazio gehiago edo zalantzaren bat duten herritarrek ere, telefono zenbakia erabili dezakete (943 890 808).