- Zumaiako Udalak eta Beheko Plaza Jubilatu eta Pentsionista Elkarteak, 90 urteko zumaiarrak omentzeko ekitaldia antolatu dute biharko. 12.30ean izango da, Aitzuri frontoian. Bertan omenduek senideekin batera parte hartuko dute.

Zutrik trikitilari alaituko du ekitaldiaren hasiera, eta jarraian, herriko adinekoek Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearen eta Arritxu Bidasoro Beheko Plaza Elkarteko lehendakariaren agurra jasoko dute. Trikiti-soinu artean, beraiei zuzendutako bertsoa entzuteko aukera ere izango dute eta azkenik, opari bana jasoko dute 90 urteko herritarrek, lekuan mokadutxo bat jatearekin batera.

Azaldu dutenez, aurten 27 zumaiarrek bete dituzte edo beteko dituzte 90 urte. Horietatik 18 izango dira biharkoan. Dena den, ekitaldian parte har-tzen ez duten herritarrek ere oparia jasoko dute datorren astean zehar.