- Uda aurretik Orioko Iturbide, Antxiola eta Estropalari kaleetako lurzorua konpontzeko eta asfaltatzeko lanak egingo dituzte. Hori dela eta, kale horietan ibilgailuen pasaera itxiko da zenbait momentutan eta aparkatzeko aukera ere mugatu egingo da.

Iturbide eta Antxiola kaleko lanak hasiak dira dagoeneko. Bi kasuetan, ibilgailuen pasaera mugatuko da, semaforo bidez. Dena den, bizilagunek ibilgailuarekin kalean sartzeko aukera dute. Ahal dela, pasaera irekita egongo da ingurukoentzat, baina baliteke momenturen batean zirkulazioa moztu behar izatea.

Bestalde, hondakinen bilketako kamioiak obra eremuan ibili behar ez izateko, lekuz aldatu dute Iturbiden. Kalearen beheko aldean kokatu dute eremua, iturriaren ondoan, pilotalekuaren atzealdean. Errefuseko eta organikoko edukiontziak txartel berberarekin ireki beharko dira.

Antxiola kaleko bizilagunek, berriz, Aita Lertxundi kaleko hondakin gunea erabili beharko dute. Egun horietan irekita egongo dira errefusako eta organikoko edukion-tziak, txartelik gabe erabili ahal izateko.

Estropalari kaleko obrak datorren astean hastea aurreikusten da. 18 zenbakidun portaletik 30era arte, eta hortik hondartza bideko bidegurutzera arte asfaltatuko da. Bitarte horretan aparkalekuak libre utzi beharko dira eta ibilgailuen zirkulazioa moztea aurreikusten da une jakin batzuetan.

Horren harira, Udaletik azaldu dute hondartza bideko errepidea irailean konponduko dela, asmoa da asfaltatze lanak bidegorria luzatzeko obrekin batera egitea.