- Gobernuz Kanpoko Erakundeei (GKE) dirulaguntzak emango dizkie Zarauzko Udalak Hirugarren Munduko herrialdeekin lankidetza proiektuak egiteko. Deialdia ireki du dagoeneko eta aurten bi motatako ekimenei emango zaizkie laguntzak. Alde batetik, hegoaldeko herri pobretuetan lankidetza proiektuak egiteko 194.000 euro bideratuko dira, 18.000 euro gehienez proiektuko. Bestetik, Zarautzen sentsibilizazio ekintzak egiteko guztira 10.000 euro esleituko dira. Honela, batez beste hamar-hamabi proiektu bidera-tzeko aukera izango da.

Zentzu honetan, aurten ere ez da izango gazte kooperanteei lagun-tzeko dirulaguntza lerroa. "Iaz, momentuz, lerro hori etetea erabaki genuen, ez zelako zentzuzkoa pandemia egoera honetan guk, Udalak, munduan barrena jendearen joan etorriak bultzatzea" adierazi zuen Patxi Elola lankidetza zinegotziak. Aurten egoerak "antzera" jarraitzen duenez, "irizpide horri" eutsi diote, eta beraz, bigarren urtez jarraian ez dute laguntza hori jorratuko.

2021eko aurrekontuen %0,7a bideratuko du Zarautzek kooperazio laguntzetara. Zinegotziaren arabera, eskaintzen duten laguntza "inoiz nahikoa izaten ez den arren", elkartasuneko alor honetan Zarautzen "harro egoteko arrazoiak ditugu". Izan ere, herriak "elkartasun sare zabal eta oparoa du".

Aurtengo proiektuak aurkezteko epea, ekainaren 13an bukatuko da. Dena den azken urteetako "konpromezua" bete du Udalak. Julen Aranguren inmigrazio eta kultur aniztasunaren teknikariak azaldu zuenez, azken lau urteetan 580.000 euroko inbertsioa egin da hamar erakundek aurkeztutako 35 proiektuetarako. Horietatik gehienak Ertamerikan gauzatu dira, 15 guztira; atzetik ditu Afrika (9); Asia (5), Hegoamerika (3) eta Karibe (1).

Gehienak hezkuntza alorrera bideratzeko laguntzak izaten dira. "Eskolak eraikitzea, hornitzea eta manten-tzea", horiek dira hiru lerro nagusienak. Badira, hein batean, osasun eremukoak ere, "lehen mailako beharra baita". Aniztasun funtzionaleko proiektua horren barne sartzen da. Tartean dira, halaber, proiekzio eta ustiaketen inguruko proiektuak eta azkenik, errefuxiatuen eta giza eskubideen ingurukoak.

Bete beharreko baldintzak moldatu dituzte azken urteetan: genero ikuspegia sartu dute. Hau da, nahitaez genero gaia landu behar da. Lehentasuneko eremu geografiko batzuk ezartzea izan da hartutako beste neurrietako bat, zarauztarren jatorrizko lurraldeei keinu bat eginaz.