- Gaurtik datorren maiatzaren 2ra arte Alondegiako Oxford aretoan ospatuko den Sahararen aldeko lankidetza astea antolatu du Zumaiako Darahli elkarteak . Aurtengo gai nagusia eta erakusketaren izenburua, Mendebaldeko Sahara: 45 urte justiziarik gabe izango da. Mendebaldeko Saharako herriak bizi dituen injustiziak eta, bereziki, lurralde okupatuetan bertako sahararrak jasaten dituzten giza eskubideen urraketak ikusteko aukera egongo da. Bestalde, hainbat dokumental proiektatuko dituzte bertan. Gaur, esaterako, Paula Iglesias eta Ana Sernaren Solo son peces laburmetraia proiektatuko dute, 19.00etan. Bihar, Cheij Ahmen eta Jexux Mari Eizagirre ipuin-kontalari lanetan jardungo dira, 12.00etan. Igandean, berriz, haurrei zuzendutako Zarafa filma emango dute (18.00etan).

Informazio mahaia ere jarriko dute aurten. Darahliren eta proiektuen inguruko informazioa emango dute elkarteko hainbat kideek. Horren baitan, Oporrak Bakean 2022 kanpainaren berri emango da.

Astean zehar 18.00etatik 20.00etara egongo da zabalik, eta larunbat eta igandetan, 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.00tara.