- Suspertze Plana jarri du abian Aiako Udalak ostalaritza, ostatu turistikoak eta merkataritza laguntzeko. 2020an hartutako babes-neurrien jarraipena da plan berri hau: covid-19aren aurrean ostatuek egin beharreko inbertsioak lagundu ziren, eta hainbat tasa eta zergetan hobariak ezarri. Horri jarraiki, eta kontuan izanda pandemia oraindik ostalaritza, merkataritza eta ostatu turistikoengan gogor eragiten ari dela, Udalak sektore hauei zuzenduriko dirulaguntza zuzenak jarriko ditu abian.

2021eko aurrekontuan Udal Gobernuak 10.000 euroko poltsa sortu zuen, eta orain, 15.000 euro gehiago txertatuko dizkio herriko ehun ekonomikoa babesteko. Beraz, guztira, 25.000 euro bideratuko dira.

Nekane Arrizabalaga alkateak azaldu duenez, laguntza hauen helburua "herriko ehun ekonomikoa babestea da. Izan ere, neurri murriztaile gehienek ostalaritza eta ostatuei eragin diete, baita merkataritzari ere itxialdian". Zentzu horretan, "negozio bat duten herritarren alboan nahi dugu egon, babestu, tokiko jarduera sustatu nahiz suspertu eta, bide batez, sektoreen jarduera ekonomikoa, enplegua eta lehiakortasuna mantendu, covid-19 edo koronabirusaren krisiak eragindako ondorioei aurre egin ahal izateko".

Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak abian jarritako laguntzen osagarria da aurkeztu dutena. Sektorearen arabera, 400 eta 1.200 euro bitarteko laguntzak emango dituzte. Eskaerak aurkezteko epea, atzo ireki zen eta apirilaren 30era arte izango da. Bestalde, gogorarazi dute covid-19aren aurrean egin beharreko inbertsioak egiteko laguntza eska-tzeko epea maiatzaren 31era arte luzatu dela.