- Hemengaude taldeak “egungo krisi egoeraren kontraesanetan sakontzeko eta argitasun pixka bat jartzeko” hitzaldi eta solasaldiak antolatu ditu datozen egunetarako Azpeitian.

Hasteko, covid-19ari buruzko “beste iritzi batzuk” entzun eta partekatu nahi dituzten herritar guztien partaidetzari irekitako hitzaldia egongo da gaur (18.00etan) Azoka Plazaren gaineko areto nagusian.

Hizlari lanetan Idoia Larrañaga osasun hezitzailea eta gorputz zein arima terapeuta, Juanjo Martinez medikuntzan nahiz zirujian doktorea eta Jon Ander Etxebarria biologoa, laborategien zuzendaritzan esperientziaduna eta PCR probetan aditua arituko dira.

Hemengaude taldeko kideek prestatutako egitarauak datorren astean izango du jarraipena, asteartean eta ostegunean Sindikatu Zaharrean “hausnarketarako” egingo diren beste bi solasaldirekin, hain zuzen ere. Hilaren 16ko saioa 10.00etatik 12.00etara bitartean egingo da eta hilaren 18koa 19.00etatik 21.00etara bitartean.

Hitzordu horiek Beldurrak eta kezkak elkarrizketan argituz izenburupean egingo dira, psikologo baten eta elkarrizketa-terapietan eskarmentua duen aditu baten gidaritzapean.

Biharko hitzaldia eta datorren asteko solasaldiak euskaraz eta erderaz egingo dira eta gaian interesa duten herritar guztiek dute bertara-tzeko aukera. Zalantzaren bat argitu edo informazio gehiago jaso nahi duenak hemengaude@protonmail.com helbidera idatz dezakete.