- Santa Barbarako Zingira basoan hainbat zuhaitz eta zuhaixka landatu zituzten Zarauzko gaztetxoek Zuhaitz Egunaren baitan. Guztira, 100 ale inguru. Hainbat motatakoak, gainera: artelatza edo arkamurka, elorria, erramua, gorostia… Hau urteroko ekintza bada ere, Udaletik jakinarazi dutenez, berrikuntza bat izango da hemendik aurrera. Ikasleak arduratuko dira landatutako arbola hauek zaindu, hazi, ulertu eta maitatzeaz. “Jarduera honen xedea da gazteek gure ingurunea ezagutzea eta ezagutza horren bitartez gure ingurunean dauden basoak maita-tzen, errespetatzen eta zaintzen ikastea. Horrela bermatuko dugu natura ondare hori guztiok goza-tzeko aukera”, adierazi dute Udaletik. Hala, beharrezkotzat jotzen dute Zuhaitz Eguna dela eta antolatzen diren ekimenak egitea, “herriko berdeguneak urteetan iraun, eta naturarekiko ezagutza eta maitasuna belaunaldietan transmititu dadin”.

Landaketa honen bitartez bertako landaredia berreskuratzen lagundu dute herriko gazteenek. Azken hauekin, 1.300 zuhaitz inguru landatu dira dagoeneko, babestutako artelatz baso honetan.

Halaber, Zuhaitz Eguna eta Emakumeen Nazioarteko Eguna bat eginda, aipatutako lur eremua, Emakume Zientzialariaren Basoa izendatu du Zarautzek. Horretarako basoaren sarreran plaka bat ipini da, eta bestetik, Zarauzko kaleetan zehar 17 figura jarri dira zien-tziaren arloan arrastoa utzi duten 25 emakumeren biografia eta lorpenak azaltzen. Alde Zaharrean daude guztiak, Torre Luzea parkean eta Emakumeen Etxearen parean. Bertan izango dira aste osoan zehar eta ondoren, kendu egingo dituzte. Beraz, ikusi nahi bada garaiz da oraindik.