- Nortegas enpresa gas sarearen desbideraketa lanak egiten ari da Zumaiako Aitzuri frontoiaren inguruan. Lanak urtarrilean hasi zituzten eta otsailaren bigarren hamabostaldian iritsi ziren frontoiaren eremura. Hasiera bateko aurreikuspenen arabera, errepidea bi astetan ixtearekin nahikoa izango zela uste zuten. Hodien konponketan izandako arazo batzuk tarteko, ordea, eremuak itxita jarraituko du beste hilabete batez. Beraz, autoek ezingo dute bertatik igaro denbora tarte horretan.

Eremuan Zumaiako DBHko eraikin berria eraikitzea da intentzioa, eta partzela eraikigarria izateko, gasaren desbideraketa lanak egin behar dira lehenago. Esku-hartze horiek egiteko Udalak eta Nortegasek akordioa egin dute: Nortegas izango da sarea egitearen arduraduna, eta Udalak obra zibila egingo du. Bi hilabeteko iraupena izango dute lanek.

Aste hauetan zehar Bonifacio Etxegarai kaleko aldaparen goiko aldeko, eta San Jose kalearen eta Foruen plazaren arteko errepideko adokinak konpontzen ibili da Zumaiako Udala. Zentzu honetan, obrek iraun duten bitartean bertatik igarotzen diren bideak itxita egon dira. Kasu batzuetan bizilagunek bakarrik zuten baimena zati horretatik igarotzeko. Gaurkoz, bukatu dituzte egin beharreko konponketa guztiak eta berriz trafikoa normaltasunez dabil kale horietatik barrena.