Lan asko dago aurretik ordea, eta "erronka ere handia da". Horregatik, herritarrekin batera landu nahi dute. Alex Oliden zinegotziaren arabera, "trantsizio energetikoak herritarrak gobernatzea, edo herritarrek trantsizio energetikoa gobernatzea dira bi aukera bakarrak": "Aldaketa egongo da, guk nahi ala ez. Helburua da guk gobernatzea trantsizio energetikoa, eremu lokaletik bideratuta eta adostuta", adierazi zuen. Zentzu horretan, "trantsizio energetiko justu bat" egitera bidean zenbait oinarri eta helburu zehaztu dituzte: "Kontsumoa jeistea, energia jasangarria ekoiztea maila lokalean, autokontsumoa bultzatzea, burujabetza energetikoaren bidean pausoak, pobrezia energetikoari erantzuna ematea."

Bide beretik, energiaren inguruko hiru jardunaldi antolatu dituzte Aldaketa garaia da izenburupean. Lehenengo solasaldia bihar izango da. Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopol ikerketa taldeko irakasle batek Zumaia bisitatuko du. Trantsizio energetikoa gero eta gehiago entzuten den kontzeptua izanik, hori diogunean zertaz ari garen azalduko du.

Martxoaren 2an izango da hurrengo hitzordua. Energia politikekin lotuta udalerrietan dauden esperientziak izango dira hizpide eta bi zatitan banatuko da saioa: lehenengoan Aitor Ossa Rissanen energia teknikariak Zumaiako Udalarentzat egindako Energia Diagnostikoa aurkeztuko du. Bigarrenean, berriz, Garestik (Nafarroa) etorritako Oihan Mendo alkateak eta Txetxu Ezkurra talde eragileko bolondresak azalduko dituzte Garesen eguzkia energia eta energia hidraulikoa sortzeko dituzten instalazioen nondik norakoak.

Hirugarren eta azken solasaldia, martxoaren 9an izango da. Mondragon Kooperatibako Krean taldeak Zumaiako Udalarekin elkarlanean garatuko duen proiektuaren inguruko azalpenak emango dira. Energia berriztagarria sortzeko planta fotoboltaiko eta energia komunitate kooperatiba sortu nahi dute.

Hitzaldi guztiak Aita Mari aretoan izango dira, 18.30ean, eta ez da aurrez izena eman beharko.

Hitzorduak Aita Mari aretoan izango dira bihar, martxoaren 2an eta 9an; eguzki energia sortzeko proposamena ere aurkeztuko da batean