Aita Mariko patioa ireki egingo da asteburuetan

Arratsaldeetan ere bertan egoteko aukera izango dute herritarrek, Eusko Jaurlaritzak baimendu ondoren

06.02.2021 | 01:30

zumaia – Aurrerantzean Zumaiako Aita Mari herri eskolako jolastokia zabalik egongo da eskola ordutegitik kanpo ere. Hala, arratsaldetan eta asteburuetan bertan egoteko aukera izango dute herritarrek, lehen egin zezaketen moduan. Lurraren kutsadura behin betikoz baztertu eta gero hartu du erabakia Eusko Jaurlari-tzak.

Pasa den urteko urtarrilean hasi ziren Haur Hezkuntzako jolastokiaren eraberritze obrak. Betelan lurrak kutsadura izan zezakeela susmatuta, ordea, otsailaren hasieran eten egin zituzten. Protokoloari jarraituz, lurzoruak ikertu eta berreskuratzeko erakunde baimendu batek lurraren laginak hartu zituen. Horiek aztertu ostean inertea zela ondorioztatu zuten. Hala, obrak martxan jarri ziren berriro, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak baimenduta.

Dena den, ez da baimenik izan eremua erabiltzeko arratsaldeetan eta asteburuetan. Hemendik aurrera, lurraren kutsadura behin betikoz baztertuta, ordea, Aita Mari herri eskolako jolastokia erabiltzeko aukera izango dute herritarrek.

natura jolastokian Udalak hezkuntza komunitatearekin elkarlanean sortu duen proiektuak espazioa naturalizatzea du helburu. Gaur egungo heziketa eredu berrietara egokitu dute: lurrarekin, belarrarekin eta bestelako material naturalek osatzen dute eremu eraberritua. 360 m2-ko gune estalia ere badu jolastoki berriak.