- Urte berriarekin hainbat aldaketa sartu dira indarrean Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Besteak beste, abonatuen kuoten tasak izoztu dira eta zenbait kolektiboren adin-tarteak aldatu egin dira. Leire Arana kirol zinegotziak eman ditu xehetasunak: “Orain arte, 0-3 urte bitarteko haurrek ez zuten abonatu kuotarik ordaintzen; orain, 4 urte izan arte luzatu dugu adin tarte hau. Halaber, 4tik 18ra bitartekoa zen gazteen adin tartea, 4tik 23 urte bitartera zabaldu da. Azkenik, 80 urtetik gorako abonatuek doakoa izango dute kuota”.

Zentzu honetan, urtarriletik aurrera, abonatu kuotaren %100a kobratuko zaie herritarrei, ondoko arrazoiak tarteko: larunbatetan kiroldegia ez da eguerdian itxiko (ordutegi jarraia 8.00etatik 20.00etara) eta igandeetan irekiera ordua aurreratu da (ordutegi berria 8.00etatik 14.00etara); izan duten arrakasta ikusita, doako Express saioen eskaintza zabaldu da fitness gunean, asteko zazpi egunetara; larunbat goizetan doako Master Class-ak eskainiko dira (honen berri aurrerago emango da); dutxa zerbitzuak martxan jarraitzen du (abendu erdian berriz aktibatu ziren); squash guneko eta frontoiko erreserbak berraktibatu dira; eta, azkenik, Kirol Orientazio Zerbitzua (KOZ) martxan jarri da berriro, doan, zarauztar guztien-tzat.

Kiroldegira joan nahi duten herritarrek erreserba aurrez egiten jarraitu beharko dute, orain arte bezala. Dena den, eskari handia dela eta, batez ere igerileku txikian, erreserbak baliogabetzeko sistema aldatu egin behar izan dute. Orain arte erreserba bat bertan behera utzi zitekeen, txanda hasi baino 15 minutu lehenago. Orain, ordea, erreserba 12 ordu lehenago baliogabetu beharko da. Erabiltzaileei aukerak zabaltzeko asmoz hartu dute erabakia.