- Getariak urte askoan lehen aldiz aho batez onartututako aurrekontuak izango ditu 2021ean. Udalak astearte iluntzean ospatu zuen azaroko ohiko osoko bilkura eta bertan, EH Bildu eta EAJ alderdiek aldeko botoa eman zioten aurrekontuen lehen onespenari. Alkateak hartu zuen hitza lehendabizi eta eskerrak eman nahi izan zizkien udala osatzen duten pertsona orori "lortutako konpromiso eta adostasun mailagatik".

Bide beretik, EAJ alderdiaren izenean, Aitor Urrestik azaldu zuen, aspaldian ez dela horrelako lanketarik egin bi alderdien artean Getarian eta "harro" egoteko aurrekontuak direla.

3.671.000 euroko aurrekontua adostu zuten eta datorren urteko helburu nagusia, "pertsonen beharrei eran-tzutea" izango dela zehaztu zuen Alberdik. Egungo egoerara ekarriz, COVID-19ak sortutako hutsuneei aurre egitean jarriko dute fokua. 30.000 euroko dirulaguntza zuzena jaso dute horretarako. Partida irekia izango da. Hau da, "beharra balego, kantitatea handitzen saiatuko ginateke". Gainera, datorren urtean lehen aldiz gazteen emantzipazioa susta-tzeko eta alokairuen ordainketan laguntzeko 20.000 euroko partida bat ere izango da. Udalaren asmoa ere bada 65 urtetik gorako pertsonen egoera ezagutzeko galdetegi bat martxan jartzea.

Bigarren multzo nagusia herritarrei zuzendutako laguntzak izango dira. Kasu honetan, bere horretan mantenduko dira, ez dute murrizketarik izango.

Hirugarren postuan, berriz, "inbertsio errealak" daude. Guztira, 462.000 euro bideratuko ditu Getariak eta parte handiena hirigintzarako erabiliko da: Aldamar kalean arrapala jartzea (46.000 euro); Haitzen konponketa lanak egitea (175.000 euro); udal eraikinetan saneamendu lanak (60.000 euro); herri bideak konpontzea (20.000 euro); kiroldegian boulderra egitea (5.000 euro); ikasgelaren lekualdaketa (5.000 euro) eta pertsona helduentzako ariketak egiteko gune baten azterketa bat egingo da eta "beharra" ikusten bada, 6.000 euroan eraikiko dute.

Materialak erosteko gorde du beste 6.000 euroko partida udalak eta turismoaren inguruan aurten hasitako hausnarketak jarraipena izango du (36.000 euroko partida). Inbertsio errealen barruan beste multzo handi bat Mundu Birako ekimen ezberdinak aurrera eramateko izango da (20.000 euroko). Azken blokean, "proiektuen idazketak" daude (30.000 euro).